
Elorrioko San Agustin Etxebarria auzoak VIII. Antzinako ogibideen erakusketa ospatuko du zapatuan, eguneko protagonistak dagoeneko desagertuta edo desagertzear dauden ofizioa zaharrak izango direla.
Ekimen honen inguruan prestatutako egitaraua barikuan hasiko da, gabeko 21:00etan Txineska Taldeak eskainiko duen ‘Trovalia’ antzezlanaren emanaldiarekin.
VIII. Antzinako ogibideen erakusketaren egitaraua goizeko 11:00etan hasiko da bertaratuko diren nekazariak, kristalariak, zorrotzaileak, gatz-egileak, belar-meta egileak, panpinagileak edo harginak euren postuak irekitzen dituztenean. Hauen alboan errementariak, jostunak, margolariak, sukaldariak, tabernariak, sagardogileak, paper-egileak eta buztingintzan diharduten artisauak ere egongo dira.
Egun guztian zehar Erdi Aroko kanpamendua jarriko da eta esgrima, arku-tiroa, hegazti erakusketa eta Mamarru taldeak eskainitako kale-antzerki antzezpenak egongo dira.
Eguerdiko 13:00etan bisitaldia egingo da San Agustin elizara eta bertan jarriko den argazki erakusketa ere ikusgai egongo da. 14:00etan eskulangileen zein bertaratutakoen bazkaria hasiko da.
Arratsaldeko 17:00etan ‘Fuero de los labradores del Duranguesado’ antzezlana eskainiko du Mamarru taldeak eta ordu bete geroago hegazti harrapari bidezko ehiza erakusketarekin osatuko da aurtengo egitaraua.