Elorrioko Eskola Publikoko, Lourdesko Ama eta Maria Bitarteko ikastetxeetako eta Txintxirri ikastolako gurasoek Lau Eskola deituriko taldea sortu eta “ekimen ezberdinak garatzen hasi gara”, partaideen esanetan. Horren adierazgarri, otsailaren 24rako antolatutako Txitxiburduntzi Eguna.
Ekimen horretan parte hartu nahi dutenek Herriko plazan bilduko dira eta “Elorrioko natur bideetan zehar ibilalditxo bat egin ostean, txorizoak erre eta hamaiketako ederra egiteko aukera izango dute Elorrioko ikasle eta guraso guztiek”, elkarteko kideek adierazi dutenez.
Lau Eskola elkarteak orain dela gutxi egin zuen bere lehen ekimena, DBHko ikasle guztiak Arriola Antzokian batu zituenean ingelesez egindako antzezlan bat ikus zitzaten.
Oinarri berdinak
Elkartearen sorrerak Elorrioko Udalak egindako akuilu lana eta emandako diru laguntza ditu oinarri. Hala ere, “guztion artean ekimen ezberdinak garatzen hasi gara eta bide horretan sakontzeko asmoa” agertu dute.
Eredu bakoitzeko gurasoek urteak daramatzate denetariko ekintzak antolatzen, irteerak eta txangoak, hitzaldiak eta ikastaroak, jaialdiak eta ikuskizunak, besteak beste, baina eskola bakoitzak bere kasa egiten zituen. Izan ere, ikastetxe bakoitzak “bere jatorri, historia eta ezaugarri propioak ditu, noski, baina oinarri-oinarrizko gaietan guztiok gatoz bat: euskal hizkuntza eta ohiturak, kalitatezko hezkuntza eta ikasleen ongizatea ditugu guztiok ardatz, besteak beste”, azpimarratu dute elkarteko kideek.
Lau Eskola elkartea garatzeko helburuarekin, ikasturtean zehar bestelako ekimenak egiteko asmoa agertu dute eta egingo diren deialdietan parte hartzeko gonbitea luzatu dute.