Elorrioko Udalak hainbat neurri hartu ditu Covid-19 birusaren eraginagatik bereziki zaurgarriak diren kolektiboak laguntzeko, dagoeneko martxan dagoen eta Udaltzaingoaren bidez koordinatzen den zaintza-sareaz gain.
“Elkar zaintzaren bidez egoera jasangarriagoa bihurtu nahian”, premiazko beharrak dituzten herritarrei zuzendutako neurriak abian jarri dira. Bakarrik bizi diren nagusiei, janari laguntza behar duten familiei edota landa-eremuetan bizi eta behar bereziak izan ditzaketen bizilagunei, besteak beste, arreta berezia eskainiko zaizkie.
Ikastetxeak itxi eta, ondorioz, jantoki-zerbitzua bertan behera gelditu dela eta, elikagai-bankutik loteak jasotzen dituzten familiek aparteko banaketa izango dute egun hauetan. Egitasmo hau gauzatzeko, familien zerrenda osatzen ari dira gizarte-zerbitzuak, eta ondoren, Kainabera elkartearekin lankidetzan kudeatzen den elikagai-bankura bideratuko dira.
Telefono deiak nagusiei
Herriko nagusiek ere Udalaren arreta berezia jasoko dute egun hauetan. Nagusien Egoitza joan den astetik itxita dagoenez, eta kontuan hartuta egoera horrek “elikadura bai harreman-ohiturak aldarazi dizkie adineko hainbat eta hainbat laguni”, telefono deiak egingo zaizkie.
Hasieran, 80 urtetik gora izan eta bakarrik bizi diren herritarrek jasoko dituzte deiak “haien egoeraren berri jaso eta paira dezaketen bakardade-egoera leuntzeko”. Dei horiek egindakoan, beste adin-tarte bateko nagusiekin harremanetan jartzeko asmoa ere badu Udalak.
Landa-eremuetan bizi eta behar bereziak izan ditzaketen bizilagunak identifikatzen ere dihardu Udalak. Auzo alkateen bidez, inguru horietako herritarrek unean-unean behar dituzten neurriak hartzeko helburuarekin.
Gainera, atzotik martxan dagoen eta Udaltzaingoak koordinatzen duen zaintza-sarearen bitartez, erosketak egiteko zailtasunak dituzten herritarrei laguntza ematen dizkie herrian sortutako boluntarioen sareak.
Datozen egunetan ere, “bestelako neurriak” egokitzeko asmoa agertu Udalak, “sor litezkeen premia berriei erantzuteko, elkarren zaintza, auzolana eta elkartasuna bultzatuz”.