
50. urteurrena ospatzen du aurten Gerediaga elkarteak, baina egiari zor, gutxienez beste lau urte gehiago izan beharko lituzke. Ekainaren 7ko urteurrenak ‘Asociación Guerediaga de Amigos de la Merindad de Durango’ izeneko elkartea eratu zen eguna gogoratu bazuen ere, Gerediagaren sortzaileak hainbat lan egindakoak ziren biltzar eratzailea egin aurretik.
Gaur egun Durangaldeko herritarren eta Euskal Herri osoko altxorra den elkartea sortu aurretik, eskualdeko herritar batzuk bere kezka azaldu zuten Gerediagako San Salbatore eta San Klemente baselizako teilatua jausi zelako. Gainera, Merinaldeko batzarren beste egoitza historikoa, Auditorio etxea bezala ezagutzen den Astolako Zubiaurre etxea alegia, hotela bilakatu nahi zuen garaiko gobernuak.
Ordurako, Leopoldo Zugazak eta Balendin Lasuenek irakurrita zuten Florencio Amador Carrandiren ‘Archivo de la Tenencia de Corregimiento de la Merindad de Durango’ liburuaren hasieran dagoen Merinaldeari eskainitako monografia. Testu horrek eskualdearen aldeko kontzientzia piztu zuen biengan.
Ereindako haziak eragina izan zuen sasoiko beste gazte batzuengan ere eta 1965an Gerediaga elkartea jaio zen Abadiñoko Soloa jatetxean. Bere lehen egoitza Astolako Etxe Barri izan zen, José Luis Lizundiaren amaren etxebizitza hain zuzen, eta lehenengo presidentea Concepción Astola izendatu zuten.
Harrigarria bada ere, Francoren erregimenaren garai latzenetarikoetan legeztatu zen Gerediaga elkartea eta baimena lortzea “errore” bategatik etorri zela uste du ia 33 urtetan elkartearentzat lanean diharduen Jon Irazabalek. “Ipinitako izena ‘Asociación Guerediaga de Amigos de la Merindad de Durango’ izan zen eta, ziurrenik, garaiko agintari politikoek ‘Real Sociedad Vascongada de Amigos del País’ bezalako elkartea izango zela usteko zuten”. Baina bataren eta bestearen zereginak, helburuak eta jarduera, nabarmen desberdinak ziren.
Sorlekuko egoitzari Astolako Zubiaurre etxeak hartu zion lekukoa parte bat urte geroago. Eraikina Bizkaiko Foru Aldundiarena zen eta goitik behera eraberritu ondoren, Gerediaga eta Durangaldeko Mankomunitatearen egoitza bilakatu zen 1982an.
70. hamarkadaren hasieran Balendin Lasuen izan zen presidentea eta honen lekua José Ignacio Alberdik hartu zuen 1972an. Alberdik gogoan du “sasoi latzak” bizi izan zituztela “gauza asko galazo zituztelako eta zigorpean bizi ginelako”. Eta ez bakarrik Liburu eta Disko Azoka desagerrarazi nahi zuten agintari politikoen aldetik, baita Elizaren aldetik ere, sasoi hartan “Andra Mariko elizpetik bota gintuen eta”.
Arazoak arazo, Azokak aurrera egin zuen eta horrekin batera beste hainbat ekimen antolatu zituzten kultura arloan, tarteko 1976an egindako Euskal Jaia edo arrakastatsuak izan ziren kantaldiak, esterako Ez dok Amairu mugimenduarenak.
Krisi kezkagarria
Demokraziaren etorrerarekin logikoa zen pentsatzea Francoren garaian izandako traba eta estualdi guztiak atzean geldituko zirela. Baina eskuratu berriko askatasunarekin elkarteak bizi izan duen krisialdi gogorrena etorri zen. Sabino Goikoleak hartu zuen Alberdiren lekukoa eta ordura arte Gerediagak ematen zuen aterkia alde batera utzi eta jendea “buru-belarri murgildu zen alderdi politiko edo sindikatuen zereginetan”, gogoratzen dute Irazabalek eta Antton Mari Aldekoa-Otalorak.
Irazabalek eta Aldekoa-Otalorak, Lazaro Milikua, Jesús Mari Salterain, José Luis Lete eta José Antonio Azkorbebeitiarekin batera, piztuta mantendu zuten Gerediagaren sua. Beraiek ere alderdi politikoen zereginetan hasi ziren baina argi izan zuten “Gerediaga Durangaldeko estamentu inportante bat zela eta bere aterkia denontzat zabalik zegoela”, Aldekoa-Otaloraren esanetan.
Krisialdiak luze iraun zuen eta bi hamarkadatan, 1983tik 2003ra, Aldekoa-Otalora izan zen elkarteko presidentea eta, era berean, Azokako zuzendaria. Hainbat lan eta ekarpen egin ziren sasoi hartan, tarteko oraindik Azokak ematen duen argizaiola saria eratu zen.
Aldekoa-Otalorak Valentin Zubiaurre musikaria eta bere seme margolariekin lotutako ekimen bat du bere agintaldiko gogokoenetakoa eta, agian, “ikusgarriena, baina gerorako ez genuena behar bezala dokumentatu”. 2001a arte Madrilgo panteoi diferenteetan zeuden aita-seme artisten gorpuzkiak eta Gerediagaren ekimenez Zubiaurre familiak Garain zuen panteoian bildu ziren.
Elkartearen benetako arrakasta Aldekoa-Otaloraren ustetan “gizartearen eta erakundeen errespetua eta onespena lortzea” izan da. Horren arrazoia 80ko hamarkadan erakutsitako jarreratik dator, sasoi hartan “gauzak behar bezala eta zintzotasunez egin genituelako eta geure bideari eutsi geniolako”.
Dokumentutegia
Gaur egun Gerediaga ezaguna bada Euskal Herrian eta hemendik kanpo, Durangoko Liburu eta Disko Azoka antolatzeagatik da. Baina hori baino askoz gehiago da eta tinko eusten dio hasierako ‘Zaindu, ikertu eta zabaldu’ lemari.
Bere ibilbidean zehar era eta itxura askotako ekintzak antolatu edo bultzatu ditu, besteak beste, Ezpatadantzari Eguna, Artzain txakurren txapelketa, zine industrialari buruzko emanaldiak, Zaldibarren egindako euskal antzerkiaren jardunaldiak eta abar.
Horrelako ekitaldien antolakuntzaz oraindik arduratzen bada ere, beste batzuk bertan behera gelditu dira edo bere ibilbide propioari ekin zioten “semeek beraien gurasoengandik aldentzen diren moduan” Irazabalen esanetan. Horren eredu dira, esaterako, euskarazko gau-eskolak eta ikastolak sortzeko lana edo Diba kooperatibari emandako bultzada.
Gerediagak duen benetako aberastasuna, hala ere, bere dokumentutegia da. Bertan, edonork kontsultatu dezakeen eskualdeko iraganari buruzko informazio eskerga dago. Irazabalen esanetan “Durangaldeari buruzko edozein gaiari buruzko informazioa eta kaleratutako edozein euskarritan biltzen dugu bertan: eskuizkribuak, argazkiak, pelikulak, bideoak, liburuak, liburuxkak, aldizkariak eta abar”.
“Hamabi harrien ahotsa”
Gerediaga elkartearen historia oparoa Irazabalek berak eta Raquel Calvok bildu eta elkarlanean idatzitako “Hamabi harrien ahotsa” liburu interesgarrian argitaratu dute. Mende erdiko errepasoa egiten duen obrarako lehen zirriborroa txosten moduan egin zuen Irazabalek. Ondoren, elkarteko presidente guztiekin izandako solasaldiak tartekatu eta irakurketa errazteko testua landu zuen Calvok.
Obra horrek dituen 190 orrietan Durangaldeko historiaren zati garrantzitsua errepasatzeaz gain, pasarte mamitsuak ere tartekatzen dira; batzuk ezagunak eta beste asko protagonistek eta gertuko lagunek bakarrik ezagutzen zituztenak.
Fragaren ‘babesa’
Kontatzen diren pasarteen artean harrigarriena, agian, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokaren bigarren edizioa aurretik gertatutakoa izan daiteke. Gerediagako kidea zen Iñaki Aizpurua Bilbotik Madrilera zihoan Talgo trenean eta bidaian bat egin zuen garai hartan Informazio eta Turismo Ministroa zen Manuel Fraga Iribarnerekin. Aizpuruak elkartearen “helburuak, asmoak eta nahiak, eta bere jarduerak aurrera eroateko aurkitzen ari ziren zailtasunak” jakinarazteaz gain, Azokaren inauguraziora gonbidatu zuen ministroa. Fraga ez zen ekitaldira azaldu, baina handik pare bat hilabetera gonbidapenaren erantzuna jaso zuen gutun baten bidez. Idatzian, besteak beste, “quiero que al menos quede bien patente mi deseo de colaborar…” esaten zuen.