2020ko maiatzaren 31n Txintxirri Ikastolaren antolaketarekin Elorrion ospatuko den 41. Ibilaldiak ‘Hel horri!’ goiburua izango du, gaur bertan eman ezagutzera eman denez. Bizkaiko ikastolen jaia hirugarrenez egingo da Elorrion, lehena 1999an egin baitzen eta bigarrena 2006an.
Aukeratutako leloa eta logoa, udaberrian ikastolako haurrak eta gurasoak burututako lan saioaren kontzeptu eta ideia ezberdinetan oinarritzen da. “Lan saio horretan lortutako irudi eta esaldiak guraso eta irakasleek osatutako lantalde batean aztertu, aukeratu eta findu ostean, behin-betiko irudi eta hitzak lortu ditugu, ‘Hel Horri!’ leloa eta hiru elorri zuhaixka direlarik azken emaitza”, adierazi dute Eider Barrenak eta David Cobosek, Txintxirri ikastolako lehendakaria eta zuzendaria, hurrenez hurren.
Elorrio herriak elorriari izena zor omen diola eta, “leloa eta irudia lantzerakoan abiapuntu hori hartu dugu, izenak eta izanak duten lotura oinarri hartuta”, antolatzaileen esanetan.
Elorrioko ikastolak 50. urteurrena ospatu zuen iaz, 1968ko urtarrilaren 12an zabaldu baitzituen ateak. Orain ere ibilbide horretan izandako konpromisoari eusten dio, izan ere, “lanean jarraituko du ‘arduraz hezi, nortasunez hazi’ ohiko leloari jarraituta”, Barrenak eta Cobosek adierari dutenez.
Ibilaldiaren helburu nagusiak, besteak beste, euskararen sustapena bultzatzea; sexu eta generoari lotutako rolak gainditzea eta antolatzen diren ekintza guztietan jasangarritasunaren ikuspuntua izatea dira. Gainera, Ibilaldia prozesu parte hartzailea izatea nahi du ikastolako eta herriko eragile guztien artean, eta behar desberdinetako pertsonentzako Ibilaldia diseinatuz, berdintasun-ezberdintasuna bultzatzeko asmoa agertzen du.