
Juanjo Moreno Perez de Arrilucea (Bilbao, 1938) jesuitak jasok du Durangaldeko Teila omen saria aurtengo Merinalde egunean. Morenok “Durangaldean 44 urteetan zehar bere lana burutzeagatik” jasoko du Gerediaga elkarteko kide eta lagunen aitorpena, bihar, eguerdiko 12.00etan, Gerediagako Foru Zelaian ospatuko den ekitaldian.
Gerediagakoen esanetan “Juanjo Morenok Durangaldeari egindako ekarpenak asko dira”, 1971tik, apaiztu ondoren, Durangora bidali zutenetik. 2010era artean “saskibaloiko entrenatzaile moduan, pertsonen garapenerako zuen ikuspegia” nabarmentzen dute. Gaur egun Tabirako taldeak duen “filosofiaren oinarrietan” aurkitzen den izaeraz gain, bere eragina borondatezko lanean ere nabaritzen da.
Hezitzaile moduan kimika-irakaslea, tutorea eta koordinatzailea izan da Durangoko Jesuitetan eta eskualdeko hainbat belaunalditako umeen ‘maisua’ da.
Gizarte lanean, Etorkinen harrera zentrua den Jesuiten Etxeko aitzindaria izan da. 2007an Jesuiten Etxera lehenengo etorkina etorri zen bizitzera.
Eskualdearen pertsonalitatea
Merinalde egunak “eskualdearen pertsonalitatea” aldarrikatu eta “1875 urte arte iraun zuen eredua gogoratu eta gaur egun izan dezaken balioa azpimarratu” nahi ditu.
Era berean, 1997tik urte birik behin, elkarteak Durangaldekoa ez den pertsona bati ‘Durangaldeko teila’ izeneko oroigarria ematen dio. Teila da euskal kulturan etxekotasuna adierazten duen ikurra eta, saria eskuratzean, omenduak bere lanagatik herriko esker ona jasotzen du.
Orain arteko Teila saridunak Gregorio Monreal Zia historiagilea (1997), Pedro Mª Basañez arkitektoa (1999), Adrian Zelaia lege gizona (2001), Karmele Goñi etnografoa (2004), Enrique Ibabe buztingintzari buruzko ikerlaria (2006), Jose Angel Barrio Loza artearen historiagilea (2008), Jose Luis Muñoyerro ‘Munitibar’ kazetaria (2010) eta Iñaki García Camino arkeologoa (2012) izan dira.