Lagun arteko kafea
Ospakizunak
Bukatu da liga eta den-dena neurtuta dago. Azkenengo emaitzak onak izan dira. 2011- 2012 ikasturteko larunbatak. Goizeko zortzirak, bederatziak, hamahikak eta hamabiak. Elorrion, Durangon, Bilbon, Getxon. Gure alabak saskibaloiko partidak izan ditu Eskola Kirola programaren barruan eta asteburu honetan azkena dugu. Eup!
Aurreko hiru asteetan alabaren taldeak partida guztiak irabazi ditu. Dena esan behar da, bigarren faseko partidak jokatzen ari dira eta lehen fasean galtzaileak baziren ere, oraingo honetan irabaztea zer den ere ikasi dute. Irabazten dutenean, izugarrizko poza eta ospakizuna izaten da. Nire iritziz kirola egitea eta talde lana zer den ikastea da inportanteena baina ulertzen dut irabazteak ere bere garrantzitsua duela. Bai horixe!
Zutabetxo hau idazten nagoen bitartean, Deustoren kontra jokatutako lehenengo partida burura etorri zait. Aurkariek, taldeko kamiseta, galtzerdiak, txandala eta guztia zeramatzaten. Den-dena ondo jarrita eta dotore. Partida hasi bezain pronto, iritsi ziren puntuak. Aneren taldeak ez zuen inongo esperientziarik baina entrenamenduei esker, taldeak hobetu zuen jokoa, baina hala ere, ez zen nahikoa izan eta emaitza 2- 50 izan zen. Gure neskak lor jota.
Partida erabakita, golen ospakizunetan jarri nuen arreta. Arerioen gurasoek txaloka, ohiuka hasi ziren. Partida erabakita zegoen hasieratik baina hala ere, partida amaitu arte ekin eta ekin eta gurasoek ohiukatzen jarraitzen zuten. Esango nuke, guraso hauen portaera gehiegizkoa zela eta pentsatu nuen, ai ene, hau soportatu behar da gutxienez ikasturtea amaitu arte? Ezinezkoa egingo zait.
Lehen esperientzia gogorra iruditu zitzaidan eta batez ere umeentzat baina batzuk irabazleak izateko besteak galtzaileak izan behar dira. Baina nola azaldu bederatzi urteko ume bati? Hasierako partidak ikusita ez dut uste inork pentsatzen zuenik hain postu onean bukatuko zutenik, eta batez ere, lehen faseko jardunaldi kaskarrak ikusi eta gero. Ordutik aurrera gauzak hobetzen joan dira.
Ekin eta ekin lortu da. Orain atsedena hartu beharko dute eta ia datorren ikasturtean aurten bezain ondo jarraitzen duten eta partidaren bat irabazten badute, askoz hobeto. Gure aldetik, animatzen jarraituko dugu. Partida irabazteak baino gehiago, ospatzen jakin izanak pozten nau. Aupa neskatilak!!!















