
Amorebieta-Etxanoko Gazteria Sailak martxan jarri du Maketa Lehiaketaren V. edizioa. Lehiaketak bi sari emango ditu; 1.500 euroko bat talde irabazlearentzat eta 500 eurokoa bestea euskarazko abestirik onenarentzat. Interesdunek otsailaren 28ra arte izena emateko aukera izango dute ametxgazteria.net web gunean.
Maketa Lehiaketa edozein musika estilo lantzen duten taldeei zuzenduta dago, diskorik ez badute inoiz argitaratu edota kontratu diskografikorik ez badute. Parte hartzeko, kideen erdiak, 16 eta 35 urte bitartekoak izan beharko dira eta ezin izango dira lehiaketan parte hartuko duten talde baten baino gehiagotan egon.
Aurrera egingo duten taldeak aukeratuko dituen epaimahaia, musika arloko profesionalekin eta antolakuntzako langile teknikoekin osatuko da. Guztira bederatzi maketa hautatuko dira eta aukeraketa egiterakoan aintzat hartuko dira ahotsaren nortasuna, taldekideek nola jotzen duten eta aberastasuna konponketetan. Horrez gain, zuzenean erakusten duten indarra ere kontuan hartuko da.
Hautatutako taldeak zeintzuk izan diren martxoaren 8an jakinaraziko da eta talde hauek Zelaieta Zentroko kontzertu gelan zuzeneko emanaldi bat emango dute. Kontzerturako errepertorioa 40 minutukoa izan behar da. Gehienez bi bertsio jo ahal izango dira kontzertuan eta beste bat gehiago euskaraz bada.
Bestalde, irabazleek azken kontzertu bat eskainiko dute maiatzean. Han maketa lehiaketaren sariak banatuko dira. Talderik onenak 1.500 euro jasoko ditu, euskarazko abestirik onenak 500 euro eta Zornotzako jaietan jotzeko saria ere egongo da.
Parte hartu nahi duten taldeek e-mail bat bidali beharko dute gazteinfo@ametx.eus helbidera. Bertan, ametxgazteria.eus helbide elektronikoan deskargatu ahal den izen emate orria, taldeko hiru kantekin osatutako artxibo konprimitua eta adingabekoek guraso edo tutoreek sinatutako baimena bidali beharko dute.