
Egun gutxiren buruan bi ekimen solidario egin dira Abadiñon, bata haur minbiziaren aurkako ikerketari laguntzeko eta bestea esklerosi anizkoitzaren Bizkaiko elkartearen alde.
Abadiño Udalak antolatutako Elkartasunezko II. Spinning maratoia ekainaren 10ean burutu zen Trañako plazan eta bertara 350 kirolari gerturatu ziren. Ekimen horren bidez 8.836,21 euro bildu ziren, aise gaindituz iaz bildutako 6.000 euroak.
“Udalak, Peque-ropa elkarteari emango dio diru hori eta honek, bere aldian, Gurutzeta Ospitaleko haur minbiziaren aurkako ikerketa sailari helaraziko dio”, Gazteria arloko zinegotzi Ima Zapardiezek esan duenez. Pedalkadak ematen izan ziren kirolariek zein dohaintzak egin zituzten herritarren ekarpenak ere eskertu ditu Zapardiezek.
ADEMBIren aldeko merkatu txikia
Bestalde, Eusko Alderdi Jeltzaleko Uri Buru Batzarreko ordezkariek Bilbon izan ziren atzo, esklerosi anizkoitzaren alde lan egiten duen ADEMBI elkarteari 1.194,76 euro emateko. Ditu hori uztailaren 1ean egindako merkatu txikian bildu zuten.
Ekimen solidarioa “oso positiboa” izan zen alderdi jeltzalearen arabera. “Alde batetik, bildutako dirua ongintzako helburua duen ekimen batera bideratuko delako eta, bestalde, gaitz horren inguruko sentsibilizazioa handitzea lortu dutelako Abadiñoko herritarren artean”.