Gerediaga elkarteak historia, ondarea eta kultura gaiekin osatutako Astola aldizkariaren 17. zenbakia aurkeztu du. Oraingo alean 12 artikulu eta Mallabiko Izaro musikariari egindako elkarrizketa tartekatu ditu.
Durangaldeko ondarea ezagutzera emateko helburuarekin urtero argitaratzen den aldizkariaren ale berriak “inoizko azterlan gehien jaso ditu”, arduradunen esanetan.
Ekimen honekin “Durangaldeko ikerlariek burututako azterlanei zabalkundea ematen diegu, eta bestetik, Durangaldeari eragiten dieten gaien gaineko lanak argitaratzen ditugu, arlo ezberdinetako profesional eta adituen kolaborazioari esker”.
Izaroren disko berria
Izaro Andres Zelaieta musikariari egindako elkarrizketaren egilea Aritz Maldonado kazetari durangarra izan da. ‘Cero de enero’ disko berria argitaratzear dagoela burutu duten solasaldian, agertokietara itzultzeaz, ibilbideaz eta bere beldur eta itxaropenez hitz egin du Izarok.
Argitaratu berri den alean tartekatutako beste 12 artikuluen artean, 2023ko Ikerlari Gazteen Beka irabazi duen lana dago, Xixili Bengoetxea Llonak idatzitako ‘Garavilla fabrika Otxandion’ hain zuzen.
Aitziber González Garcíak berriz, Elorrion kokatutako liñaputzuen inguruko ikerketa egin zuen Elorrioko Udalak eskatuta, eta horren emaitza da ‘Los pozos de lino en Elorrio’ artikulua.
Zaldibarko psikiatrikoa
2023ko uztailaren 28an 100 urte bete zituen Zaldibarko ospitalearen inguruko artikulua idatzi du Izaskun Ellakuriaga Bustinzak ‘Zaldibarko psikiatrikoa’ izenburuarekin. Lan horretan, Juan Antonio Torices Zaldibarko ospitaleko zuzendari klinikoak mendeurreneko ekitaldirako prestatutako azterlana laburbildu du.
Ellakuriagak ‘Gerediaga Elkartearen dokumentategia’ri buruzko artikulua ere idatzi du. Bertan, elkartearen webgune berriztatuaren berri emateaz gain, liburu, argazki eta dokumentuak kontsultatzeko aukera ematen duela aipatzen du.
Gabako Elkarteak sinatutako ‘Durangaldeko saguzarren behin-behineko inbentarioa’ artikuluak, eskualdeko saguzar espezieen inbentarioa egin eta interes bereziko eremuak identifikatzen dira. Testuan, Mañaria eta Izurtzan egindako ikerketen berri ematen da.
Emakume sortzaileak
Ainhoa Zabarte Narbaizaren ‘Durangaldean Badira’ erreportajeak, zinemagintzan, antzerkigintzan, dantzan, arropa diseinuan, argazkilaritzan edo marrazkigintzan ari diren Durangaldeko 12 emakume gazte sortzaileren berri ematen du.
Ana Celia Ormaetxea, Bartolome Ertzillako musika irakasleak Durangoko udaletxeko fatxadan dauden margolanei buruzko ikerketa egin du ‘Pinturas musicales’, izenburuarekin.
Aitor Montero Igartua historialari eta arkeologoak 1929an Jose Migel Barandiaranek topatu zuen koba eta bertan aurkitutako aztarna arkeologiko garrantzitsuak aipatzen ditu ‘La cueva de Atxuri I’ artikuluan.
El Plan Martí
Iñaki Goiogana Mendigurenek, 1918 eta 1920 urte bitartean, Bizkaiko Foru Aldundiak, udalen laguntzarekin, auzo ikastolak eraikitzeko asmo handiko planaren inguruan idatzi du ‘Auzo ikastolak Durangaldean’ erreportajean.
Jon Irazabal Agirrek berriz, ‘Apuntes sobre la cárcel de Astola’ testuan, auzitegi-etxearen gaineko historia zertzeladak laburbildu ditu.
Xabier Boveda, Maite Arrizabalaga, Joseba Sarrionandia eta enparauak, ‘Euskara eta literatura Durangaldean’ artikuluan, eskualdeko hizkuntza eta literatura ondareari buruzko ikerketa egiten hasi ziren orain dela bi urte, eta bidean aurkitutakoak euren aurreikuspenak gainditu ditu.
Azkenik, Ángel Zurita Lagunak frankismoak bultzatutako ‘El Plan Martí’ egitasmoaren berri ematen du. Ideia horren helburua Durangaldeko egitura administratiboa aldatzea zen, eta 14 udalerriren ordez 6 izatea proposatzen zuen.