Otxandioko Mekoletan auzoko jaiak ospatuko dituzte gaurtik domekara bitartean eta ospakizunetako osagai nagusiak musika eta bertsolaritza izango dira.
Ekitaldiak iluntzeko bederatzietan hasiko dira, ordu horretan piztuko baita txupina eta ondoren izango den herriko afaria hasiko da. 23:30ean Liher eta Larregi musika taldeek eskainitako kontzertua eta jarraian egongo den Dj baten ekitaldiak osatuko dute eguneko egitaraua
Bihar arratsaldean jarraituko dute ospakizunak Urduri dantza taldeak 17:30etatik aurrera eskainiko duen ekitaldiarekin. Ordu bete geroago ‘Ipui katramilatua’ ikuskizuna taularatuko du Ikusi makusi taldeak eta zortzietan Xabi eta Josebak girotutako triki-burduntzia egongo da.
IV. Kopla Txapelketa
Eskualdeko hamabi bertsolari bilduko dituen Durangaldeko IV. Kopla Txapelketa gaueko hamarretan hasiko da. Agertokian azalduko diren lehiakideak Eneko Abasolo ‘Abarkas’, Txaber Altube, Ander Aldazabal, Iruri Altzerreka, Miren Amuriza, Iker Apraiz, Eneko Barruetabeña, Igor Elortza, Aitor Esteban, Igor Galartza eta Manu Goiogana izango dira.
Durangaldeko bertso eskolak eta Arkotxe Kultur Elkarteak antolatutako ekitaldian Xabi Aburruzaga eta Josu Zabala soinujoleak arituko dira eta gai-jartzaileak Itxaro Juaristi eta Ainhoa Urien izango dira. Ekitaldia doakoa izango da eta amaieran Txapito Guzman eta Ibarrako langostinuek taldearen saioa hasiko da.
Mekoletako jaiak etzi amaituko dira. Goizeko 9:00etan San Bernabera igotzeko ibilaldia abiatuko da; 13:00etan Meza eta luntxa egongo dira eta arratsaldeko 17:30ean briska eta mus txapelketak hasiko dira.