
2010eko uztailean martxan jarri zenetik, 13.500 erabiltzaile baino gehiagok hartu dute Zornotzako Auzobusa bere lehen urtean. Larrea eta Euba auzoetara doan linea izan da erabiliena. Auzobusa udalak dituen Mugikortasun Jasangarriaren Plan Estrategikoaren ekimenetako bat da.
Udalerriko Auzobusa 2010eko uztailean jarri zen martxan, Amorebieta-Etxanon hiri barruko zein industria poligonoentzako garraio zerbitzua emateko. Herritarrei garraio pribatutik publikorako jauzia ematen lagundurik, mugikortasun jasangarria sustatuko duen zerbitzu alternatiboa eskaintzea izan da zerbitzu honen helburu nagusietako bat, udal arduradunek azpimarratu dutenez.
Abian jarri zenetik, gora egin du etengabe erabiltzaile kopuruak, eta gaur egun 2.000tik gorakoa da hileko batez bestekoa. Lehenengo hilabetean dohainik eskaini zen zerbitzua eta horren ostean, irailean, probaldiari ekin zitzaion. Aurtengo apirilean, ordura arte eskainitako zerbitzua aztertu eta hiritarren iradokizunak jasota, indarrean sartu ziren gaur egun egituraturik dauden ibilbideak.
Inguruetako auzoetan bizi diren edadeko pertsonak dira erabiltzailerik ohikoenak. Medikuarenera, edota hiriguneko dendetara etortzeko erabiltzen dute zerbitzua gehien bat. Eguneko lehenengo orduetan berriz, industria-poligonoetako langileak dira, nagusiki, hiri barruko autobusaren erabiltzaileak. Izan ere, Larrea auzora iristen den linea da gehien erabiltzen dena eta, horren atzetik, alde txikiz, Euba auzoraino doana, Udaletik esan dutenez.
Bederatzi ibilbide
Amorebieta-Etxanoko Auzobusa zerbitzuak 9 ibilbide ezberdin egiten ditu gaur egun. Horietatik bostek Larrea, Boroa-San Pedro, Euba (Orue eta San Migel), Etxano-Dudea eta Zubizala auzoak hirigunearekin lotzen dituzte (auzo batetik bestera joan aurretik, beti egiten dute geldialdia Gudari kalean). Beste laurek, berriz, Boroa, Zubieta eta San Antonio industria poligonoetarako bidaia egiten dute, Amorebieta-Etxanoko hainbat lekutatik.
Zerbitzuaren prezioa 0,90 eurokoa da, baldin eta txartel arrunta erosten bada. Creditrans txartela erabilita, berriz, 0,60 eurokoa eta 0,27 eurokoa Gizatrans txartelarekin.
Topaketa eta Amorebiziz
Amorebieta-Etxanoko Udalak Tokiko Agenda 21ean txertaturik daukan Mugikortasun Jasangarriaren Plan Estrategikoaren ekimenetako bat da hiri barruko autobusa.
Udaletik aurreratu dutenez, hainbat dira mugikortasuna hobetu eta Ingurumenean eta bizi kalitatean eragiten diren ondorioak gutxiagotzeko abian jarri diren egitasmoak. Horien adibide ditugu plan ziklagarria, trafikoa arindurik atmosferaren kutsadura eta kutsadura akustikoa murrizten dituen TOPAKETA plana eta AMOREBIZIZ izeneko bizikleta-mailegurako zerbitzua, besteak beste.
ZORNOTZAN. Amorebieta-Etxanoko albisteak