Garaiko Landare eta Lorezaintza Azokak IX. edizioa beteko du domekan eta 10:00etatik 15:00ak ikusgai egongo diren 18 postuetan landare eta lorazaintza enpresez gain, jakiak eta edariak ekoizten dituzten artisauak egongo dira.
Aurten ere Euskal Herri osoko mintegietako landare, lore, lorezaintzako lanabesak eta baserriko tresnak ikusteko eta erosteko aukera izango da Garaiko Udalak eta Urkiola Landa Garapenerako Alkarteak, San Miguel Garaiko Nagusien eta boluntarioen laguntzarekin antolatutako ekimenean. “Mintegiek eta lorezaintza-enpresek produktuen ezaugarrien eta erosleen beharrizanei erantzuteko irtenbideen berri emango diete azokara datozenei”, antolatzaileen esanetan.
Bertaratzen diren herritar eta bisitariek ikusgai eta erosgai izango dituzten produktuen artean landare apaingarriak, zuhaixkak, kaktusak, landare haragijaleak, baratzerako Euskal Herriko hazi eta landare ekologikoak, landare txikiak, lorezaintza lanabesak, izango dituzte, besteak beste. Gainera, egurra eta loreak uztartzen dituzten artisautza-lanak eta baserriko tresnak ere eskuragai egongo dira.
Baserriko produktuak
Azoka osatzeko, “eskualdeko lau baserritarrek Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera zabalduko dute”, antolatzaileen arabera. Eskualdeko ekoizleek salgai izango dituzte behi-gazta, baserriko ogia, euskal pastela, gozokiak, taloa, sagardoa, txakolina, garagardoa eta kontserbak.
Azokara gerturatzen direnen erosketak jagoteko, zaindegi edo kontsigna zerbitzua egongo da. “Azokazaleek erosketak zaindegi batean gorde ahalko dituzte azoka giroaz gozatzeko, eta etxera joateko momentuan, erosketak jaso ahalko dituzte hasieran hartutako tiketa erakutsita”, antolatzaileen esanetan. Gainera, Azokagune osoan, erosketak kontsignara eramateko laguntzaileak egongo dira.
Zerbitzua erabiltzen dutenen artean, Durangaldeko ekoizleen produktuen otzara bat zozkatuko da. Zozketaren irabazleak, Durangaldeko ekoizleen ‘Etartie’ dendan jasoko du otzara baserritar baten eskutik.
Azokako guneak musika doinuz alaituko dira eta, horrez gain, Garaira hurbiltzen den jendearentzat gune aproposa egokituko da eguna igarotzeko.