Berrizen aurten garatuko diren jatorrizko euskarazko kultur ekoizpenak sustatzeko helburuarekin, 2.000 euroko diru-laguntza emango du Udalak. 18 urtetik gorako berriztarrentzat mugatuta dagoen lehiaketara aurkezteko epea apirilaren 19an amaitzen da.
Diru-laguntza honen onuraduna izateko beharrezkoa da “eskatzaileak berriztarrak izatea; berriztarren artean euskararen erabileraren aldeko jarrerak eta motibazioak sustatzeko programak izatea eta kultur ekoizpenak euskaraz eta herrian bertan eragitea”, deialdiaren araudiaren arabera.
Balorazio-irizpideen artean kontuan hartuko da ekintzaren kalitatea eta euskararen zabalkuntzan erabilera izan dezakeen eragina. Horrez gain, eragin-eremua; genero ikuspegia; irabazi asmorik gabeko proiektua izatea; gizarte inklusioa eta elbarritasuna eta berritzailea izatea ere kontuan hartuko dira.
Diru-laguntzaren onuradunek beste edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribatuk helburu berbererako emandako bestelako diru-laguntzarekin bateragarriak izango dira. Hala ere, ezin izango da gehiegizko finantziaziorik egon.
Etxe eta Miren Amuriza
Onuradunek diruz lagundutako egitasmoaren aurkezpena herrian egin beharko dute. Ipuin, liburu eta ikus-entzunezko lanen kasuan, ale batzuk emango zaizkio Udalari eta ikuskizun edo kontzertuen kasuetan Berrizen izan beharko da estreinaldia.
Aurreko urteetan, Fernando Torrecilla, Etxe, Miren Amuriza edo Sandra Petrel sortzaile berriztarrek izan dira diru-laguntzen onuradunak.