
Elorrion uztailaren 1ean jokatuko den Trikitilari Gazteen Txapelketak bosgarren edizioa beteko du eta ekitaldian sei bikote arituko dira. Elorrioko Udalak antolatutako lehiaketak 250, 200 eta 150 eurorekin sarituko ditu lehenego hiru bikoteak.
Txapelketa plazako frontoian jokatuko da arratsaldeko 19:00etan hasita eta agertokian 20 urtez azpiko sei bikote lehiatuko dira. Hala ere, parte hartzaileen zerrendan zortzi bikote baino gehiago egonez gero, kanporaketa egingo da aldez aurretik, saio horretan fandangoa jo beharko dutela.
Lehiaketak maila bakarra izango du eta parte hartzen duen bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu: trikitixa, porrusalda eta gehienez hiru minutuko iraupena izango duen pot-pourria.
Bikote irabazleak 250 euro eta txapelak eskuratuko ditu, bigarrenak 200 euro eta hirugarrenak 150 euro. Txapelketan parte hartzen duten gainerako bikoteek 80 euroko dieta izango dute.
Zailtasuna
Epaimahaikideak piezen zailtasuna, bat etortzea, kantua, dantzagarritasuna eta pandero jolearen lana baloratuko dute. Trikitilariek derrigorrez koplez lagundu beharko dute euren jarduna eta baserritar jantzita azaldu behar dira.
Txapelketan parte hartzeko izen-ematea ekainaren 25ean amaitzen da, iturri@elorrio.eus helbide elektronikora idatziz, www.elorrio.eus webgunean izena emanez, 670400845 telefonora deituz edo datuak dituen kartazala bidaliz Iturri kultur etxera (Elizburu 18, 48230 Elorrio-Bizkaia). Bete behar duten fitxan bikotea osatzen duten partaideen izen-abizenak, NAN zenbakiak, telefono-zenbakia eta helbide elektronikoa jarri behar dira.