
Iurretako II. Mendi Astea ospatuko du abenduaren 12an hasi eta 20a bitartean Zaldai mendi taldeak. Edizio honetako egitarauan tartekatutako #zaldaimendierronka2018 jaialdia edo Basatzan mendi bizikleta martxaz gain, ‘Tximist’ espedizioari buruzko hitzaldia edo mendiko segurtasun ikastaroa egongo dira.
Aurtengo Mendi Astea eguaztenean hasiko da Eñaut Aiartzaguenak egindako ‘Laino artean Nepal’ bideo emanaldiarekin. Ekitaldia arratsaldeko 18:30ean hasiko da Goiuria kultur gunean.
Egunean, leku eta ordu berean, Everest mendira egindako lehengo euskal espedizioa izango da mintzagai. Ekitaldiko hizlaria izango den Felipe Uriarte mendizaleak ‘Tximist’ espedizio izango du berbagai.
Barikuan #zaldaimendierronka2018 jaialdia ospatuko dute iluntzeko 19:0etatik aurrera Askondoko aterpean. Ekitaldi horretan 2018ko erronka burutu duten mendizaleak omenduko dira. Mendizaletasuna bultzatzeko helburua duen ekimen horren helburua Euskal Herriko zein Pirinioetako zenbait mendi gailurrera igotzea da.
Basatzan 2018 eta Nordic walking
Zapaturako Basatzan 2018 mendi bizikleta martxa eta Nordic walking ibilaldia antolatu dituzte. Mendi bizikleta martxa goizeko 10:00etan abiatuko da Askondoko aterpetik eta parte hartzaileek 25 kilometro eta 1000 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea bete beharko dute. Antolatzaileek gosaria, hornidura gunea, bukaerako luntxa, dutxak, bizikletak garbitzeko gunea eta bestelako zerbitzuak eskainiko dituzte.
Izen ematea www.kirolprobak.com web orrian egin daiteke egueneko 23:00ak arte, 5 euro ordainduta, edo egunean bertan, martxaren irteera baino ordu bat lehenagotik aurrera, 10 euro ordainduta.
Nordic walking ibilaldia berriz, leku eta ordu beretik abiatuko da, eta hiru orduko ibilbidea beteko dute parte hartzaileek.
15,6 kilometroko mendi ibilaldia prestatu dute domekako, goizeko 9:30ean irtenda. Iurretako plazatik abiatuko den ibilbidea umeek egiteko modukoa izango da, partaideek Ertzileko garia, Azkorra (San Kristobal), Oromioño eta berriro Azkorra zeharkatuko baitituzte irteera puntura itzuli aurretik. Amaieran luntxa egongo da Askondon.
Eguaztenean, hilak 19, Zaldai mendi taldeko bazkide egiteko eta 2019 urterako federatu txartela ateratzeko aukera egongo da Goiuria ikastolan 19:00etatik 20:30era.
Iurretako II. mendi astea egunean, hilak 20, amaituko da Ibarretxe kultur etxea arratsaldeko 18:30ean hasita emango den ‘Mendiko segurtasun ikastaroa’rekin. Bertan parte hartzeko Ibarretxen edo kultur-etxea@iurreta.eus helbide elektronikoan izen-ematea egin behar da abenduaren 17ra arte.