Biribilketa, Durangaldeko Neska*Gazteon Topagunea Elorrioko plazan, Gaztetxean eta Portalekuan egingo da ekainaren 18an eta prestatutako egitarauan tertuliak, tailerrak, kontzertuak eta manifestazioa tartekatuko dira.
Ekimenarekin bat egin dute Zornotzako Suhaziak neska* gazte taldeak, Iurretako Auskari neska* gazte taldeak, Elorrioko neska* gazte taldeak, Abadiñoko Izpilikuak talde feministak eta Zaldibar eta Durangoko mugimendu feministan dabiltzan zenbait neska gaztek.
Edizio honetako ekitaldiak Herriko plazan ‘Durangalde feminista!’ gaiarekin egingo den kafe tertuliarekin hasiko dira goizeko 11:00etan. Ordu bete geroago hizpide desberdinak mintzagai izango dituzten tailerrak hasiko dira; ‘Nola erabili soinu ekipo bat’ landuko dute Gaztetxean, ‘Zer da erotizatzea?’ izango dute mintzagai Portalekuan, eta ‘Zer da zaintzak erdigunean jartzea?’ gaia jorratuko dute plazan bitzen diren neskek.
Solasaldiak amaitu ondoren, bertako ekoizleen produktuekin egindako bazkaria egongo da 6 euroren truke, eta bertan izan nahi dutenek izena eman behar dute aldez aurretik. Bazkalostean, bakarrizketa egongo da plazan.
Pala txapelketa jokatuko dute 17:30etik aurrera plazako frontoiak. Jaione Escribano eta Udane Iturbe alde batetik eta Ane Aldama eta Naroa Saez bestetik, aurrez aurre izango dira. 19:00etan ‘Hau ez delako gure oreka, elkarrekin saretuz sistemari kolpeka! manifestaldi musikatua abiatuko da eta ondoren Akelarrea egongo da plazan.
Egitaraua borobiltzeko, eskualdeko PT taldea, Usurbilgo Maddi eta Elene, eta Ginger talde zarauztarraren kontzertuak egongo dira Gaztetxean 22:00etatik aurrera.