
Garaiko IV. Landara eta Lorazaintza Azoka ospatuko da domekan, herriko Udalak, Urkiola Landa Garapenerako Alkartea eta Trumoitte Alkartearen antolatuta. Goizeko 10.00etatik 14.00etara, 22 erakustoki inguru egongo dira eta bertan Euskal Herri osoko mintegien landarak eta loreak, lorezaintzako lanabesak eta baserri tresnak ikusteko eta erosteko aukera egongo da.
Antolatzaileek 16 landare eta lore enpresen partaidetza baieztatu dute, lorategi, lore ornamentalak, fruta landarak, lore naturalez eginiko bitxiak, jateko haziak eta landara sikuak, kaktusak, orturako landarak eta fruitu txikien landarak eskainiko dituztela, besteak beste.
Erakustokietan makinaria, eskuko tresnak, ortu eta lorategirako gaiak eta animalia txikientzako gaiak eskainiko dituzten bi edo hiru enpresa ere egongo dira.
Mintegietako eta lorazaintza enpresetako arduradunek euren produktuen ezaugarriak eta euren beharraren berri emango dizkiete bertaratzen direnei.
Gainera, egurra eta loreak uztartzen dituzten bi artisauz gain, eskualdeko hiru baserritarrak Durangaldeko baserriko produktuak dastatzeko eta erosteko aukera emango dute. Azokan erosgai egongo diren produktuak, Idiazabal gazta, baserriko ogia, euskal pastela, sagardoa eta txakolina izango dira. 2016ko Ibilaldiko postua ere egongo da.
Lorategien mantentzea
Eguerdiko 12.00etan, lorezaintzari buruzko hitzaldia emango du Ramon Zearreta adituak. Berbaldiak ‘Mantenimiento fácil y económico de jardines’ du izenburu eta bertaratutakoek jasotako gomendioak lorategian erabili ahal izango dituzte.
Azoka guneak musika doinuez alaituko dira eta, horrez gain, herriko bolondresek eta Trumoitte Alkarteak herriko bolatokian eurek egindako pintxoak eta edariak salduko dituzte.
Garaiko Azoka, orain lau urte jaio zen eta antolatzaileek “eduki duen arrakasta handia berritu gura dute” laugarren edizioarekin, “giro jator eta herrikoian murgilduta, landara eta lorazaintzako herriko eta kanpoko zaleen topalekua” bilakatuz.
Azoka guneak musika doinuez alaituko dira eta, horrez gain, herriko bolondresek eta Trumoitte Alkarteak herriko bolatokian eurek egindako pintxoak eta edariak salduko dituzte.