Arriola Antzokiak antolatutako 24 Ordu Digitalean lehiaketa egingo da asteburuan Elorrion. 1700 euro saritan banatuko dituen lehiaketa barikuan, arratsaldeko 17:00etan, hasiko da, ordu horretan emango baitira ezagutzera edizio honetako gaia, objektua eta esaldia.
Pelikularen betebeharrak jaso ondoren, ekimenean parte hartu nahi duten lehiakideek 24 ordu izango dituzte, istorioa asmatzeko, grabatzeko, editatzeko eta esportatzeko.
2017ko edizioan parte hartu zuten lehiakideek ‘Nortasuna’ izan zuten lehiaketako gaia eta pelikulan “Su gaberik ezta kerik” esaldia tartekatzeaz gain pasaporte bat agertu behar zen nahitaez. Irabazlea Lapatx taldearen ‘Aurreititziak’ filma izan zen eta finalistak Ikusi Makusiren ‘Izan Zeu’ eta Berta Productionsen ‘EgunERO’ izan ziren. Publikoaren saria berriz Atabalak taldearen ‘’Molotov’ pelikulak eskuratu zuen.
2018ko 24 Ordu Digitalean ekimenaren helburua “multimedia munduaren zaleentzat parte-hartze formula berria irekitzea da, lan-taldeak sortuz eta teknologia berria erabiliz”, antolatzaileen esanetan.
XIII. lehiaketara aurkeztutako filmak formatu digitalean egindakoak izan behar dira, MP4, konpresio gabe edo .mov, H264, konpresio gabe 16:9 formatoan, 4:3 formatoan aurkezten bada banda beltza gehitu beharko zaio. Emizio formatoa 16:9 izango da..
Aurkeztutako filmen emanaldia zapatuan izango da, gaueko hamarretan hasita, eta emanaldia amaitu ondoren sari banaketa egingo da.
24 Ordu Digitalean lehiaketak hiru sari banatuko ditu. Irabazleak 700 euroko saria eskuratuko du eta aukeratutako beste bi finalistak 500 euroko sari bana jasoko dute.
Lehiaketan izena emateko edo informazio gehiago eskatzeko 24ordu@arriolaka.com emailera idatzi behar da.