
‘Hitzez eta Ahotsez’ ekimenari amaiera emango dion irakurraldia egingo dute bihar Plateruena Kafe Antzokian eta antolatzaileen arabera 240 literatura zale bertaratuko da Durangaldeko idazleek sortutako testuak irakurtzeko.
Irakurraldiak sei ordu iraungo ditu, arratsaldeko seietan hasi eta gauerdian amaituko baita. Saioan izango diren irakurleen artean 15 eta 82 urte bitarteko abeslariak, musikariak, bertsolariak eta dantzariak izango dira eta beraiekin batera hainbat idazlek ere parte hartuko du.
Zikloaren izenburuarekin bat eginez, “hitzak eta ahotsak” nagusituko dira, “kantuak, bertsoak eta musikak ere tartea izango dutela” antolatzaileen esanetan.
Durangoko literatura zaleekin batera, Otxandio, Iurreta, Mañaria, Izurtza, Atxondo, Elorrio, Mallabia, Ermua, Garai, Mallabia, Berriz, Zaldibar eta Zornotzatik etorritakoak egongo dira ekitaldian. Hauekin batera Bilbo, Eibar eta Gasteiztik gerturatutako lagunen bat ere egongo da.
Euskaltegi, ikastola, berbalagun eta barnetegiko ikasle eta irakasleak, antolatzaileek emandako testuak irakurtzen eta prestatzen ari dira dagoeneko.
Irakurri eta abestu
Irakurraldian garai bateko zein gaur egungo idazle Durangarren lanak irakurri edo abestuko dira. Edizio honetan, Xabier Amuriza, Felipe Arrese Beitia, Julene Azpeitia, Lourdes Unzueta, Ebaristo Bustintza ‘Kirikiño’, Leire Bilbao, Joseba Sarrionandia, Mila Salterain, Errose Buztintza, Unai Iturriaga, Nikolas Alzola ‘Bitaño’, Luis Berrizbeitia, Andoni Urzelai, J. E. Capeau, Josu Unzueta, Manu Ertzilla, Paddy Rekalde, Arrate Mardaraz, Iñaki Irasizabal, Gaizka Zabarte edota Peru Magdalenaren testuak irakurriko dira.
Aurreko urteetan Joseba Sarrionandiaren lanak (2014an) eta “Itsasoa” gaia (2015ean) ardatz izan ondoren, “Durangaldean jaio zein bertan bizi diren idazleen literatura” aukeratu dute antolatzaileek aurtengo ekitaldia agurtzeko.
Literatura zaleak biltzen dituen ‘Hitzez eta Ahotsez’ zikloaren hirugarren edizioa urtarrilean hasi zen Xabier Amurizak ‘Mundua-Euskal Herria. Gu-Ni’ eskainitako ekitaldiarekin eta otsailean eta apirilean burututako tertulia dialogikoekin.