‘Askatasuna’ gaia duen 2019ko Hitzez eta Ahotsez ekimenak, bihar emango dio amaiera aurtengo edizioari jendaurreko irakurraldiarekin. Zazpi orduz, 17:00etatik gauerdirarte, Plateruenako agertokian azalduko diren literatura zaleek beraiek idatzitako edo aukeratutako testuak eskainiko dituzte.
Agertokian azalduko direnen artean literaturarekin harreman zuzena duten eskualdeko idazleek egongo dira; besteak beste, Lourdes Unzueta, Mila Salterain, Paddy Rekalde, Josu Unzueta, Jose Julian Bakedano, Leire Bilbao, Peru Madalena eta Rafa Ugalde.
Beraiekin batera, aldez aurretik idatzitako bertsoak eskainiko dituen Xabier Amuriza, Bogoroditsie eta Done Xixili abesbatzak, ikastetxeetako ikasleak, berbalagun zein euskaltegietako kideak eta beste hainbat lagun azalduko dira. Partaide batzuk “testuak irakurri edo errezitatu egingo dituzte, baina beste hainbat kasutan antzerki, dantza, bertso edo ikus-entzunezko formatuan eskainiko dira”, Hitzez eta Ahotsez ekimenaren antolatzaileetako kidea den Marisa Barrenaren esanetan.
Agertokian 280 partaide inguru izango dira, “iaz baino bederatzi lagun gehiago”, nahiz eta ekitaldiak, guztira, adin guztietako 600 pertsona inguru erakarriko dituen. Arrakasta lortzeaz gain, ekimena egonkortu egin da herritarren artean eta hori “pozgarria” da antolatzaileentzat.
Antzerkia eta dantza
Biharko irakurraldian norbanakoek edo taldean egindako sorkuntzak, idazle edo egile ugariren testu txatalekin tartekatuko dira. Antolatzaileek proposatutako testuen artean Joseba Sarrionandia, Ekhine Eizagirre, Gotzon Barandiaran, Elixabete Garmendia, Lauaxeta, Uxue Alberdi, Kattalin Miner, Angela Davis, Mari Luz Esteban, Karmele Jaioa, Gabriel Aresti, Ramon Saizarbitoria edo Itxaro Bordak, besteak beste, idatzitako obretatik aterakoak egongo dira.
Hitzez eta Ahotsez ekimenaren helburu nagusia “irakurleak euskal literaturara hurbiltzea da. Euskaraz irakurtzeari beldurra kentzea, izotza urtzea, apurtzea. Zelanbait esatearren, euskaraz irakurtzeko zaletasuna gehitzea”, azpimarratzen du Barrenak. Horrekin batera bigarren helburu bat ere aitortzen du, “euskal literaturen inguruan disziplina ezberdinetako eragileak biltzea” hain zuzen.
Hazten doan egitaraua
Aurtengo Hitzez eta Ahotsez herri ekimenak lehen edizioko eskemari eusten badio ere, gaiari dagokio aldaketa nabarmenena, aurreko edizioetan Joseba Sarrionandia’ (2014), ‘Itsasoa’ (2015), ‘Durangaldeko idazleak’ (2016), ‘Bidaia’ (2017) eta ‘Lurra’ (2018) mintzagai izan direlako eta aurtengo goiburua ‘Askatasuna’ da.
Literatura bultzatu nahi duen ekimenak gero eta partaide gehiago erakartzen ditu, baita talde antolatzailean ere. Azken bost edizioetako arduradunak izan diren Marisa Barrena, Ixone Aroma, Xabier Boveda, Goiuri Iturriza, Miren Bihotza Erzilla, Asun Elorriaga eta Endika Blancori, Ane Arbeo gehitu zaie aurten.
Idazle baten hitzaldiarekin hasi eta jendaurreko irakurraldiarekin amaitzen den egitasmoan solasaldi dialogikoak tartekatzen badira urtero, edizio batetik bestera berrikuntzak tartekatzen dituzte. “Iaz ipuin kontaketa saioa gehitu genion egitarauari eta aurten Julen Orbegozok beldur eszenikoari aurre egiteko teknikak erakutsi zituen ikastaroa egin dugu”, gogoratu du Ixone Aromak.
Jendaurreko irakurraldia hasi aurretik 30 lagun inguru bilduko dituen bazkaria egingo dute Plateruenan bertan. Ondoren, txalapartaren doinuekin abiatuko da literatura saioa eta zazpi orduko ekitaldiari Luhartz taldeak emango dio amaiera “aurtengo gaiarekin lotura izango duen pieza bat abestuta”.