
Durangoko Udalak ‘Uda Topera’ ekimenaren edizio berri bat antolatu du uda honetarako eta izena emateko epea apirilaren 18tik 26ra arte egongo da zabalik. Ekimen hau 3 eta 14 urte bitarteko ume eta gazteentzat zuzenduta dago.
Aurtengo programa ekainaren 27an hasi eta uztailaren 22an bukatuko da eta prestatutako edizio honetan hainbat ekintza tartekatuko dira, partaideak adinaren arabera prestatutako taldeetan banatuta egongo direla.
Programa guztiak astelehenetik ostiraletara gauzatuko dira eta goizeko 9.000etatik eguerdiko 14.00ak arte iraungo dute. 3 eta 5 urte bitarteko umeek ‘Txiki Txoko’ deituriko programan parte hartuko dute; 6 eta 10 urte bitartekoak Hiri Kanpamenduan eta 11 eta 14 urte bitarteko gazteentzat ‘Abentura’ deituriko egitasmoa prestatu dute.
Antolatutako laugarren ekimena, ‘Ingelesez Olgetan’ hain zuzen, 8 eta 14 urte bitarteko umeentzat antolatu da eta hau ere astelehenetik ostiralera, 9.00etatik 14.00etara egingo da.
Iraupena eta deskontuak
Partaideek bat, bi, hiru edo lau astetan parte hartzeko aukera izango dute eta gutxieneko prezioa 45 eurokoa izango dela aste bakarragatik, eta gehienekoa 130 eurokoa, lau astekoagatik. Durangotik kanpora bizi direnek berriz 55 eta 175 euro arteko prezioak ordaindu beharko dituzte.
Familientzako deskontuak egongo dira aurten ere eta lehen neba-arrebengatik %20 beherapena izango da eta familia ugariei %20ko deskontua egingo zaie lehenengo izen ematean, %30a bigarrenean eta %50a hirugarrenean.
Izena emateko epea apirilaren 26an amaitzen da eta interesatuek Pinondo Etxeko Gazte Informazio Bulegoan apuntatu behar dira, bulego horretako ordutegia astelehenetik ostegunera 10.00etatik 14.00etara eta 17.00etatik 19.00etara eta ostiraletan 10.00etatik 14.00etara dela.
Durangoko Udalak, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin antolatutako ekimen honetarako plazen zozketa maiatzaren 3an egingo da. Zozketaren emaitzak Pinondo Etxean (94 603 00 30 / informazioa@durango-udala.net), Herritarrentzako Informazio Puntuetan eta Udalaren web orrialdean www.durango-udala.net-en argitaratuko dira.