Elorrioko Argazki Taldeak 30 urte betetzen dituela eta, artxiboetan bildutako zenbait irudirekin osatuko dute aurtengo erakusketa. Sasoi honetan urtero egiten duten esposizioa azaroaren 28an zabalduko dute eta urtarrilaren 3ra arte ikusgai egongo da Iturri Kultur Etxean.
Elkarteko kideek hiru hamarkadatan osatutako artxiboetara jo dute oraingo erakusketarako gaia aukeratzeko. Aletutako irudi-sortan 80. hamarkadako argazkiak tartekatu dituzte eta bertan, besteak beste, Ferixa Nausikoetako jaigiroaren egunerokotasuna islatzen da.
“Argazkigintza eta denboraren igaroa estu lotzen dira, ez bakarrik argazkia denboraren errepresentazio gisa hartuta, baizik eta oroitzapenean zuzen eragiten duelako”, taldeko kideen arabera. Gainera, “argazkiek oroimen eta zirrararik sakonenetan atzera garamatzate eta begiratzen dituztenei bueltan ematen diete izan zirenaren begirada. Azken finean argazkiak haratagoko zerbait dira: memorian txertatutako geure bizipenak”.