
Elorrioko Iturri Kultur Etxeak Ramon Oleaga kartografiazalearen eskualdeko hogei mapen erakusketa izango du ikusgai maiatzaren 3tik 31ra bitartean. ‘Durangaldeko kartografia’ deituriko bilduma honetan XVI. mendetik XXI. mendera bitarteko mapak daude ikusgai.
Erakusketa hau osatzen duten mapa guztiak inprimatutakoak dira, ez eskuz egindakoak, eta kasu batzuetan erreprodukzioak erakusten dira edota Durangaldeko detailea hobeto ikusi ahal izateko Txelu Angoitia argazkilariak egindako anpliazioak.
‘Durangaldeko kartografia’ bildumak garai bakoitzean jendeak izan duen lurraldearen pertzepzioa jartzen du agerian, kontuan izan behar baita mapek norbaiten ikuspegia islatzen zutela gehienetan eta ez biztanleena eurena. Gainera, espazioa irudikatzen zenean, garai bakoitzean nabarmentzen ziren elementuak ikus daitezke eta bestalde, agerian daude mapa egileen estilo artistiko desberdinak.
Erakusketa hau Gerediaga Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko ekitaldi moduan sortu zen eta Elorrion egingo duen geldialdiaren inaugurazioa maiatzaren 3an, arratsaldeko 19.30ean, izango da. Ekitaldi horretan Ramon Oleagak gidatutako bisitaldia egongo da.
Maiatzaren 31ra bitartean ikusgai egongo den erakusketaren ordutegia goizeko 9.00etatik gaueko 9.00ak artekoa izango da astegunetan eta 10.00etatik 13.00etara larunbatetan.