
Elorriko Udalak 2017-2018 ikasturtean herrian eskainiko diren ‘Ikastaroen Gida’ eta herrian dauden elkarteak batzen dituen ‘Elkarteen Gida’ aurkeztu ditu. Lehenak, datozen hilabeteetan eskainiko diren ikastaroen informazioa eskaintzen du eta bigarrenak herriko 49 elkarteren informazioa eskaintzen du.
Ikasturte berrirako prestatutako ikastaro eta tailerrak Udalak propio antolatutakoak zein herriko elkarteek eskaintzen dituztenak biltzen ditu gida berriak. Guztira 35 tailer eta ikastaro iragartzen dira “era eta adintarte guztietarako”, udaletxetik zabaldutako oharraren arabera. Batzuk doan emango dira eta besteak 20 eta 180 euro arteko prezioa dute.
2017-2018 ikasturtean lehenengo aldiz eskainiko dira urriaren 3an eta 10ean egingo den Kontsumo Eskola edo urrian eta azaroan eskainiko den Alheimerra eta beste dementzia batzuei buruzko tailerra.
8 eta 12 urte bitarteko umeei zuzendutako Poropopoesia tailerra edo urritik ekainera bitartean gauzatuko diren funky eta gorputz adierazpena zein tango ikastaroak ere lehenengoz eskainiko dira.
Sukaldaritza, altzariak zaharberritzea, ukendu eta kremak, euskara zein berbalagunen ikastaroak, informatika, josketa, yoga, argazkigintza, bizikleten konponketa edo erretzeari uzteko tailerra ere emango dira.
Elkarteen Gida
Elorrioko Udalak ‘Sentitu, gozatu, parte hartu eta bizi Elorrio’ izenpean argitaratutako Elkarteen Gidak herriko 49 erakunde eta elkarteren informazioa ematen du “ezagutarazi eta beraien lana balioan jartzeko asmoz”. Liburuxka horretan elkarte bakoitzaren historia, ezaugarriak, herriari eskaintzen dion zerbitzua zein kontaktua azaltzen dira.
Gida honetan agertzen diren talde eta erakundeak herriak duen bizitasuna adierazten dute. Bertan, Elorrioko kirol eta kultura taldeez gain auzoetako elkarteak, emakume taldeak, asti elkartea, kontsumo taldea zein senegaldarren eta musulmanen elkarteei buruzko informazioa agertzen da.
“Kanpotik datozenek beti nabarmentzen dute Elorrion dagoen elkarte-sarea, eta egia da, Elorrion dauden elkarte eta eragile ugariek harro sentiarazten gaituzte”, Idoia Buruaga alkatearen esanetan. Gainera, “egiten duten lan guztia balioan jarri nahi dugu”, adierazi du.
Ekimen hau gobernu taldeak legegintzaldi honetarako daukan Gobernu Planaren baitan kokatzen da, herriko elkarteen lana balioan jartzeko helburuarekin.
Ikastaroen zein Elkarteen Gida etxez etxe buzoneatu dira. Modu horretan, elkarteen eskaintzaren batean interesa duen edonork kurtso hasieran elkarte horietara bat egitea erraztu nahi izan du Udalak.