Egungo euskal musikagintzan aritzen diren talde aipagarrienetakoak bilduko ditu aurten ere Landako Gunean ospatuko den 40 Minutu Rock jaialdiak. Oraindik aste bete baino gehiago gelditzen bada jaialdia hasteko, antolatzaileek sarrera guztiak saldu dituzte dagoeneko.
Datorren zapatuan, hilak 24, burutuko den ekimenaren izena Estatu espainiarreko kartzeletan preso daudenei egiten zaien bisitaldiak irauten dituen 40 minutuetatik badator ere, taldeen agerraldiak ordu bete ingurukoak izango dira. Jaialdia goizeko 10:30ean hasiko da.
Agertokian egongo diren taldeekin ahalik eta zaletu gehienen gustuak betetzen saiatu dira antolatzaileak eta horretarako pop, rock eta bestelako doinuak lantzen dituzten hamalau talde eta bakarlari igoko dira agertokira.
Aurreko urteetan, 40 Minutu Rock izenarekin edo lehenago Kalera Rock izenarekin ospatzen zen jaialdiak, talde esanguratsuak iragartzen ditu aurten ere. Landakon bilduko den jendetzak Gatibu, Su ta Gar, Glaukoma, Revolta Permanent, Estricalla edo Des-Kontrol bezalako taldeek eskainiko dituzten doinuek entzuteko aukera izango du.
Edizio honetan emakumeen presentzia nabarmena izango da Landakoko agertokian bertan izango baitira Las Tea Party Dj’s, Aneguria, La Basu eta Mad Muasel.
Prestatutako egitaraua Sermond’s edo Tremenda Jauria eta doinu dantzagarriak eskaintzen dituzten Tximeleta eta Los Zopilotes Txirriaos taldeekin osatuko da.