Durangoko Azokak zifra ikaragarriak izango ditu edizio honetan ere, abenduaren 6tik 10era ospatuko den 52. edizioan 400 nobedade aurkezteaz gain, 200 kultur ekitaldi eta 145 partaide izango baititu, 16 autoekoizle tarteko. Aurten, sortzaile berriei eskainitako sormen beka batek ordezkatuko du ohiko Argizaiola Saria.
Landako Gunean jarriko diren 240 standak Durangoko Azokara “milaka eta milaka herritar” erakarriko badituzte ere, egitarauan tartekatutako ekitaldiak “700 metroko tartean eta bost minutuko distantzian”, egingo direla azpimarratu du Nerea Mujikak, Gerediaga Elkarteko presidenteak.
Azokak aurten iraungo dituen bost egunetan, bertako zortzi gune desberdinetan eskainiko den programazio oparoa aurkeztu dute arlo bakoitzeko arduradunak Plateruena Kafe Antzokian goizean egindako agerraldian.
Azokaren erdigunea izango den Areto Nagusian 44 aurkezpen izango dira, politikari zein gizarte gaiei lotutakoak, baita ‘Sormen prozesua literaturan’ mahai-ingurua eta hainbat libururen berri ere emango da.
Espazio horren barruan laugarren urtez kokatuko den Gogoetaren Plazak, kulturgintzari buruzko hausnarketak hartuko ditu azokaren azken hiru egunetan. Goizez egingo diren hiru saioetan, Jon Garañok eta Katixa Agirrek Maite Bidarterekin hitz egingo dute; hurrengo eguneko solasaldian Michel Ducau eta Izaro musikariak mintzatuko dira Antton Iturberekin eta azken egunean Zaldieroa marrazkilariak eta Miren Gaztañaga antzezleak Oier Guillan izango dute solaskide. Arratsaldetan berriz ‘Bidasoako zubia’, ‘Sarerako sortzen’ eta ‘Teen kultura’ri buruzko mahai-inguruak izango dira.
Ahotseneak 10 urte
10. urteurrena bete duen Ahotseneak, Euskal Herrian zehar ibili den argazki erakusketa baten azken geltokia izango du Durangon. Gainera, ohikoak diren idazleen eta musikarien presentzia nabarmenduko da gune horretan eta, bataz beste, 123 sormen-lan berri aurkeztuko dira; 70 zuzeneko musika emanaldiak izango dira eta gainontzeko 53ak formatu desberdinean burutuko diren idazleen eta musikarien aurkezpenak izango dira.
Musikaren erdigunea izango da Plateruena ere, bertan izango baitira egun bakoitzeko kontzertu nagusiak. Abenduaren 6an ‘Z.E.R.O.’ lan berria aurkeztuko du Governors taldeak eta hurrengo egunean 20. urteurrena ospatzeko argitaratu duen lana aurkeztuko du Arkada Social-ek. Barikuan berriz, Kuban grabatutako ‘Isla’ lanaren estreinaldiko saioa emango du Audiencek eta zapatuan ‘Kalima’ diskoko doinuak gerturatuko ditu Glaukoma taldeak. Domekan doan izango diren bi kontzertu izango dira, ZEZE biarriztarrena goizean eta Javier Muguruzarena arratsaldean.
San Agustin Kultur Gunean kokagunea izango duen Szenatokiak, Lauaxeta eta Lorca hizpide dituen ‘Ele!’ ikuskizunaz gain, aurreko urteetako maratoiaren lekua hartuko duen lau antzerki laburren emanaldia izango da. Gainera, Holoque konpainiak hologramekin egindako txotxongiloen erakustaldia egongo da Ikasleen egunean.
‘Handia’ren efektua mintzagai
Gazteenei eta familiei zuzendutako Saguganbara guneak literatura eta euskal kulturaz gozatzeko aukera emango du. Arlo anitzetako sortzaileen eta adin ezberdineko bisitarien topagunea izango den espazio horretan, idazleak, ilustratzaileak, abeslariak, dantzariak zein kontalariek umeekin eta familiekin partekatzeko aukera izango dute.
Ikus-entzunezko lan berrienekin gozatzeko aukera eskainiko du Irudieneak. Memoria historikoarekin lortutako dokumentalak, tarteko Estitxu abeslaria, Pasaiako Badiako gertakariak zein euskal errefuxiatuen erbestaldia erakusten dutenak; aurtengo kartel egilea den Jose Antonio Sistiagaren bi filme labur; laburmetraiak edo haur eta gazteentzako zinema izango dira ikusgai. Programazioa borobiltzeko aurtengo estreinaldi ‘handia’ri eta ‘Handia’ efektuari buruzko mahai-ingurua eta egingo da eta ‘Errementeri’ pelikularen zenbait irudi emango dira.
Kultura digitalari lotutako Kabi@n, bideo jokoak eta euskara uztartzen dituen gela; aplikazioak egiten ikasteko tailerra edo autodefentsa digitalari buruzko saioa; abenduaren 8an ospatuko duten Wikipediaren eguna edo PuntuEus fundazioak antolatutako ‘Emakumeak Teknologian’ mahai-ingurua izango da.
Azoka TB guneak euskarazko tokiko telebistetan emango duen programazio jarraituaz gain, emanaldi osoa jarraitzeko aukera emango du streaming bidez www.durangokoazoka.eus webgunetik.
Sormen beka
646.000 euroko aurrekontua duen edizio honek, %4a jaitsiko da iazkoarekin alderatuta, “erakundeen ekarpena berdina izan delako baina babesle pribatuek emandakoa zertxobait jaitsi delako”, Mujikaren esanetan.
Edizio honetako beste berrikuntzetako bat aurten ez dela emango azken 25 urteetan banatutako aitortza saria, Argizaiola Saria alegia. “25 urtez gure kulturari hainbeste eman dioten horiei” eskertzeko hainbat sari eman ondoren, aurten ‘Omentzetik Ereitera’ deituriko saioa egingo da abenduaren 8an Szenatokian. Ekitaldian “sortzaile berriei eskainitako sormen beka bat aurkeztuko du Azokak”, Mujikak argitu duenez.