Durangoko Amankomunazgoak negozioetako kanpoko errotuluak eta webgunean euskaratzeko dirulaguntzak emango ditu aurten ere eta eskariak egiteko epea irailaren 27ra arte egongo da irekita. Martxoan irekitako laguntza deialdiaren bidez emango den gehienezko diru kopurua 500 eurokoa izango da.
Ekimen honen helburua “eskualdeko hizkuntza-paisaian eragitea da”. Horretarako, “merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuetan diharduten 50 langiletik beherako enpresa txikiek diru laguntza jasotzeko aukera izango dute kanpoko errotuluak edo webguneak euskaraz jartzearren”, Amankomunazgotik adierazi dutenez.
Euskarriak euskara hutsean jartzen dituzten enpresek gastuaren %50eko diru laguntza jasoko dute (gehienez 500 euro). Euskaraz eta gaztelaniaz jartzen dituztenek, berriz, gastuaren %25ekoa eskaratu ahal izango dute (gehienez 250 euro). Azken kasu horretan, “euskara lehenetsi beharko da errotuluko testuaren kokapen eta tamainaren bidez zein euskara orrialdearen lehen hizkuntzatzat ezarriz”.
Diru-laguntza hauek eskatzeko eskubidea duten establezimenduek, nahitaez, Durangoko Merinaldearen Amankomunazgoko Euskara Zerbitzua osatzen duten herriren batean egon behar dira; hau da, Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Iurreta, Izurtza, Mañaria edo Zaldibarren.
Informazio gehiago nahi dutenek, Amankomunazgoaren webgune nagusiara jo dezakete (www.mdurango.org) edo Euskara Zerbitzuko 94 623 25 22 telefonora deitu.