Zornotzako Kine Zineklubak antolatutako KineRally lehiaketaren laugarren edizioa ospatuko da irailaren 28tik 30era bitartean. Ekimen honetako parte-hartzaileek 24 orduko epea izango dute filma laburra pentsatzeko, grabatzeko, editatzeko eta aurkezteko.
Lehiaketa barikuan, hilak 28, hasiko da, Zelaieta Zentroko auditorioan egingo den aurkezpen ekitaldiarekin. Bilera horretan emango dira ezagutzera taldeek edo banakako parte-hartzaileek bete beharko dituzten oinarriak zein edizio honetarako aukeratutako gaia.
Lehiakideek egindako pelikula guztiak zapatu iluntzerako aurkeztu beharko dira eta sari banaketa domeka eguerdian egingo da Zornotza Aretoan, publiko osoarentzako zabalik egongo den ekitaldian. Emanaldian lehiaketara aurkeztutako lan guztiak izango dira ikusgai, eta ondoren, 350 euro eta 150 euroko sariak banatuko dira bi lan onenentzat.
Marieta Soul, Beittu eta Ametx Erakunde Autonomoaren kolaborazioarekin antolatutako lehiaketan parte hartu nahi dituzten taldeek edo banakako parte-hartzaileek kinezinekluba@gmail.com helbidera idatzi behar dute izena emateko.