
Duranguesa Txirrindulari Elkarteak eta Durangaldeko Bizikleta Eskolak eskolarteko topaketa antolatu dute domekarako, goizeko 10:30ean hasita. Bizkaiko txirrindulari eskolei zuzendutako probak hiriko kale artean prestatutako 1,3 kilometroko zirkuituan burutuko dira eta San Agustinalde kalean izango du irteera puntua eta helmuga.
Iragarritako zortzi lasterketetan Bizkaia osotik gerturatutako 200 parte hartzaile biltzea espero dute antolatzaileek; 6 eta 10 urte bitarteko hasiberriak, 11 eta 12 urteko kimuak eta 13 eta 14 urteko haur mailakoak, hain zuzen. Lasterketetan Durangaldeko Bizikleta Eskolako neskato-mutikoek ere izango dira.
Proba honen helburu nagusia “Durangora eta Durangaldera txirrindularitza gerturatzea eta herritarrak txiki txikitatik kirol hau praktikatzen animatzea” da, antolatzaileen esanetan.
Kirol saio honek eragina izango du hiri erdiguneko trafikoan eta Udalak aldaketa eragingo ditu 10:30etatik 13.30etara bitartean. Alde Zaharreko, Zumalakarregi kaleko eta San Agustineko garajeetarako sarbidea errazteko helburuarekin, baimena duten pertsonentzat, holaxe bideratuko da San Roke kaletik datorren zirkulazioa: Herriko Gudarien kaletik eta Jose Miel Barandiaran kaletik (kontrako norabidean) Zumalakarregi kalerantz.