1956. urtetik 2015era bitartean eskualdean egindako Durangaldeko Txistulari Egunen inguruko eskuorriak, argazkiak, partaideak, informazioa, prentsa artikuluak eta bestelakoak bildu ditu Juanan Aromak argitaratu berri duen ‘1956-2015. Txistu Hotsak Durangaldean. Durangaldeko Txistulari Egunak’ liburuan.
Argitalpenak dituen ia 300 orrialdetan, urtero egiten den ospakizunaren inguruko datu ugari berreskuratu ditu “errepaso kronologikoa egiteko asmoarekin, baina urtean zehar jotzen ditugun jaietako, Gabonetako eta bestelako saioak alde batera utzita”, Aromaren esanetan.
Liburua kalera ateratzeko egin beharreko lana “erditze gogorra” izan dela azpimarratzen du egileak, argitaratutako materiala baino “askoz gehiago dudalako. Lehen, urte bakoitzeko informazioa karpeta baten gordetzen nuen eta orain dena ordenadorean bilduta dago”.
Jaizale-Durangaldeko Txistularien Elkarteko kidea eta zuzendaria den Eleder Iturrietak “60 urteko epea bide laburra” dela badio hitzaurrean, lan mardula egin behar izan dute Aromak zein liburua diseinatu duten Biko komunikaziokoek, bildutako datu ugariak kronologiari eusten dioten erreskadan jartzeko. Iturrietak aspaldiko txistulariak izandako garrantzia azpimarratzen du, “txistua hilik legoke gure aurrekoen konpromisoa hutsa izan balitz” idazten duenean.

Aspaldiko zein gaur egungo txistularien ibilbidea batzen duen liburuak, hainbat datu eskaintzen ditu Abadiñon 1956ko martxoaren 19an Luis Albizuren zuzendaritzarekin emandako lehenengo kontzertutik abiatuta. Ondoren, Durangaldeko hainbat herritan zein Bolibarren ospatu dira eskualdeko txistularien egunak, tarteko eten batzuk egon zirela “garai hartako Gobernadore Zibilak ez zigulako baimenik eman”, gogoratzen du Aromak.
‘5.000 pezeta’
Pasarte hori zein beste hainbat gertakizun gogoratzeko aukera ere eman dio liburua egiteak, tarteko Mañarian bizi izan zutena. “Edizio bakoitza herri baten egiten genuen eta 1971ekoa Mañarian egitea pentsatu genuen. Juanito Lasuenek alkateri egin zion proposamena; bera ados egon zen eta 5.000 pezetatan egin zuten akordioa. Juanitok uste zuen diru horrekin txistularien bazkariaren zati bat ordainduko genuela, baina harrituta gelditu zen 5.000 pezetak geuk kontzertua emateagatik ordaindu behar genituela entzun zuenean. Urte horretan Izurtzan ospatu genuen txistularion eguna”.
Herri horretan, orain dela bi urte, Niko Etxart musikari zuberotarraren pieza bi tartekatzeko asmoa zuten egitarauan. “Egun horretako kontzertua emateko entsaioa egiten ari ginela Elederrek esan zidan Niko tabernan zegoela. Berarengana joan nintzen eta komentatu nion zein zen gure ‘arazoa’ eta ia prest zegoen gurekin kantatzeko. Berak baietz esan zidan eta entsaiorik egin barik eman genuen saioa. Izugarria izan zen”.
Hamarkadaka banatuta dagoen liburuak lehenengo aroei errepasoa egiten dio hasieran eta, bigarren atalean, 1960tik 1969ra doazen urteetan, arreta berezia eskaintzen dio emakume txistularien loratze eta kaleratzeari. Ondoren, diktaduraren ondorengo urteak; hainbat urtetan kontzertuak zuzendu zituzten Alejandro Aldekoa berriztarra; hildako txistulariak; Jesus Egiguren, Ander Ertzilla eta beste hainbatek Durangoko Surrandien konpartsarentzat egindako ekarpenak; edo egileak berak jasotako omenaldia zein txupinero izendapenen berriak tartekatzen dira liburuan, besteak beste.
Liburuarekin egindako lan bikainak argazki adierazgarri bat erakusten du azalean. “Berrizko Sarrimendin jarritako eskultura agertzen da, atzealdean Anboto mendia agertzen da. Josu Maortuak egindako obra hori Eskola Kirolari Omenaldia bada ere, txisturlari bat irudikatzen du”.