Durangaldean Ondarearen Europako Jardunaldien barruan antolatu diren egitaruak erantzun oso ona izan du aurten. Antolatzaileek aurreratu duten bezala, guztira 700 pertsonek parte hartu dute antolatu diren ekitaldietan.
Gerediaga Elkarteak, Urkiola Landa Garapenak, Durangoko turismo bulegoak eta Iurreta, Garai, Mañaria eta Otxandioko Udalek Bizkaiko Foru Aldundiak eratu duen Ondarearen Europako Jardunaldiekin bat eginez burutu dira ekitaldiak Durangaldean. Aurtengo egitarauak erakusketa bat, 23 bisita, musika emanaldi bi eta berbaldi bat eskaini ditu, hain zuzen ere.
Gerediaga elkartetik azaldu duten bezala, Durangon zabaldu berri den Kurutzesantu museoan egin diren bisita-gidatuetan 110 lagunek parte hartu dute. Garain, berriz, defuntuen errituei buruzko erakusketarekin batera, Momoitioko San Juaneko aztarnategira bisitak ere egin dira. Hauetan 100 lagun inguruko parte hartu du.
Mañarian, ordea, kondairetako arrastoei jarraituz mendi irteerek izan dute arrakasta. Bi mendi irteera iragarrita egon dira eta azkenean hiru egin behar izan dira.
Halaber, Alberto Santanak baserrien jatorriari eta Durangaldean duten ezaugarriei buruzko berbaldia 100 lagunek entzun dute Iurretan, eta Otxandion lehenengoz elizako dorrera igotzeko aukera eman zaio bisitariari. 60 lagunek aprobetxatu dute aukera hori.
Bisitariaren profilari dagokionez, nabarmentzekoa da, %40a Durangaldeko herritarrak izan badira ere, erdia baino gehiago kanpoko jendea izan dela, adierazi dute Gerediaga elkartetik.