800 durangarretik gora eman dute izena dagoeneko hizkuntza ohiturak aldatzeko helburua duen Euskaraldia ekimenean eta ‘Ahobizi’ edo ‘Belarriprest’ rolak betetzeko.
Azken egunetan, norbanakoez gain, Durangoko Azokako lantaldea zein Durango Rugby Taldeko ekipoek bat egin dute azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte burutuko den ekimenarekin eta kulturzaleei, bisitariei zein gainontzeko herritarrei parte hartzeko deia egin diete.
‘Euskaraldia. 11 egun euskaraz’ Euskal Herria osoan egingo den ariketa soziala da eta bere helburu nagusia euskararen erabilera handitzea da. Horretarako euskal hiztunak aktibatu eta hizkuntzarekin dituzten ohiturak astintzea nahi dira.
Ekimenaren helburu nagusia lortzeko bi figura izango dira ardatz nagusiak eta bakoitzak aukeratutako rolari dagokion txapa eramango du soinean 11 egunez. ‘Ahobizi’ek, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz arituko dira eta ezezagunei ere lehenengo berba gutxienez euskaraz egingo die. ‘Belarriprest’ek berriz, euskaraz ulertzen dute eta eurei euskaraz aritzea nahi dute, nahiz eta batzuetan eurek erdaraz erantzun.
Euskaraldian parte hartzeko izena ematea beharrezkoa da. On-line egin nahi duenak euskaraldia.eus webgunean sartu eta apuntatu daiteke. Horrez gain, Durangoko Euskaraldiak lokala ireki du Artekalean, Hitz liburu-denda zegoen lekuan eta bertako ordutegia 18:00etatik 20:30etara izango da urriko eta azaroko eguenetan. Azaroko larunbatetan irekita egongo da zapatuetan 12:00etatik 14:30etara ere eta Euskaraldia hasi aurreko astean, egunero egongo da zabalik.