Durangoko Azokaren egitaraua aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur San Agustin kulturgunean, azoka egunetan Szenatokia gunea hartuko duen aretoan hain zuzen. Bertan izan dira egitarauaren antolaketan lanean ari diren arduradunak: Beñat Gaztelurrutia (Gerediaga), Izaskun Ellakuriaga (Talaia), Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Irati Agorria (Irudienea), Diana Franco (Kabia), Itxasne Arabiourrutia (Saguganbara), Maider Larrañaga (Szenatokia) eta Aitor Agiriano (Azoka Telebista). Egitarauak gunez gune izango dituen xehetasunak azaldu dituzte kazetarien aurrean.
59. Durangoko Azoka ate joka dugu. Hilabetetako lanaren ostean, antolakuntzaren asmoak forma hartzen hasi dira: egitaraua esku artean, erakusmahaien kokapenaantolatuta, kultur nobedadeen zerrenda osatuta… eta prestaketen azken txanpan murgilduta.
Azokaren ateak zabaltzeko gogotsu daudela azaldu du BeñatGaztelurrutia koordinatzaileak. “Bertan bilduko gara kultura bizi eta zaindu nahi dugun sortzaileak, argitaletxetako kideak, kulturgintzako langileak eta zaleak. Denak ditugu beharrezko. Aurten, dei berezia egin gura diegu zaleei, kultur sistema osasuntsu baterako ezinbestekoak direlako”, esplikatu du Gaztelurrutiak.
Abenduaren 5etik 8ra garatuko da Durangoko Azoka. Landako Gunean 274 erakusmahai ipiniko dituzte 153 partaideren artean, eta 933 kultur nobedade egongo dira kulturazaleek hartzeko eta emateko. Denetariko estilo eta gaiak jorratzen dituzte sorkuntza lan horiek, eta tokikoak bezala, mundu mailakoak ere badira.
Esaterako, Palestinari buruz aurkeztuko diren zenbait lan, euskaratik ere munduari begiratzen zaion adibide. Lan berriak aurkezteko 200 ekitaldi inguru programatu dira. Egitarau osoa, durangokoazoka.eus webean kontsultatu
ahalko dute zaleek. Hauek dira zenbait xehetasun:
- Talaia: Euskaraldiaren kantua Durangoko Azokako gune honetan emango daezagutzera. Urtero lez, Euskadi Literatura saridunekin solasaldia egingo da. Gainera, EITBrekin lankidetzan sortu den BaDAbil bideopodcast-aren azken saioa, azokako azken egunean bertatik bertara grabatuko da, jendaurrean.
- Museoa: Nestor Basterretxeari buruzko erakusketa egongo da ikusgai; azaroaren 28an izango da inaugurazioa. Horren harira, hitzaldi bat eta bisita gidatuak antolatuko dira, eta Basterretxeari omenaldia ere egingo zaio abenduaren 7an, Landako Guneko areto nagusian. Bestalde, Euskal Editoreen Elkarteak hizkuntza
minorizatuetako editoreen topaketa antolatuko du Museoan. - Ahotsenea: 50 liburu eta 34 musika lan aurkeztuko dira. Belaunaldi askotako sortzaileek transmisioaren katebegia gorpuztuko dute. Plazara lehen aldiz agertuko direnekin batera arituko dira urteetan euskaraz sortzen ari diren idazle eta musikariak. Ahotsenea Literatura Landako Gunearen albo batean, parkeko eremuan
instalaturik egongo da; Ahotsenea Musika, ostera, Plateruenean. - Irudienea: Euskarazko zinemagintzaren plazan 40 lan eskainiko dira. Umeentzat hainbat lan egongo dira; Irabazi arte telesailaren estreinaldia, adibidez. Haibat gazte zinegileren lanak ere ikusi ahalko dira, Ane Berriotxoaren Nire amaren etxea eta Jone Arriolaren Hor konpon, besteak beste. ITOIZ, udako sesioak dokumentalaren teaserra ere aurkeztuko dute egileek.
- Kabia: Euskalgintza eremu digitalean zabaltzeko egitasmoak ezagutuko ditugu, euren artean hitanoa erabiltzeko AppaHi! aplikazioa. Tailerrak, jokoak eta solasaldiak ere egongo dira. Adibidez, Elhuyar fundazioak adimen artifizialaren aukera eta mehatxuen inguruko eztabaida antolatuko du.
- Saguganbara: Haurrei eskainitako 25 ekitaldi programatu dira: aurkezpenak, irakurketak, tailerrak… Berrikuntza bezala, gorren komunitatearen ohitura eta kultura ezagutzeko liburua aurkeztuko du Julian Rodriguezek. Abenduaren 6an Porrotx, Marimotots, Virginia Garcia eta Leire Bilbaok egingo duten liburu aurkezpenerako gonbidapenak banatuko dira egunean bertan, 10:30ean, Saguganbarako sarreran.
- Szenatokia: Arte eszenikoen gunean, hamar konpainiak pieza laburrak eskainiko dituzte; gehienak antzerki lanak izango diren arren, dantza eta bakarrizketak ere izango dira. Nabarmentzekoa da proposamenetako hainbat sexualitatearekin eta genero gaiekin lotuta egongo direla; esaterako, Las Paralelas konpainiaren Odola
izeneko pieza performatiboa, hilekoari buruzkoa, eta Libe Mendizabal eta Zaloa Zamarreñoren Ontziratuak izeneko lana. Bestalde, Karrika antzerki talde durangarrak obra berria ere aurkeztuko du.