Bi hamarkadetan Durangaldeko herrietan garatutako Berbalagun ekimena, aurrez-aurreko zein on-line formatuan gauzatuko da aurten ere. Dagoeneko 100 pertsona inguru biltzen dituzten 17 talde osatu dira, horietatik 7 Durangon.
Hala ere, euskararen erabilera areagotzeko eta arlo guztietan presentzia handiagoa izateko helburua duen ekimenera pertsona gehiago erakartzeko esperantza du Durangaldeko Berbalagun programaren dinamizatzailea den Irati Anakabek. “Iaz 26 talde sortu ziren eta 200 pertsonatik gora parte hartu zuten”, azpimarratu du.
Ikasturte berriko ekimenak 21. edizioa beteko du aurten eta, aste honetan egindako aurkezpenean, Durangaldeko Mankomunitateak eta eskualdeko Udalek bertan parte hartzeko dei egin diete herritarrei.
Berbalagun-Durangaldeak doako jarduerak proposatzen ditu urte osoan zehar, eskualdeko udalerri guztietan, euskara praktikatzeko eta pertsonak elkartzen laguntzeko, azken batean euskaraz bizitzeko.
‘Hiketalagun’ ekimena
Aurten, mendi irteerak, irakurketa klubak, bisita gidatuak, hitzaldiak, edo, Iurretako herritar talde batek proposatuta iaz martxan jarri zen ‘Hiketalagun’ ekimena antolatzeko asmoa agertu dute.
Azken egitasmo horren bidez, eta hitanoaren egoera txarra kontuan hartuta, ‘Poltsikorako hitanoa’ liburuxka argitaratu zen eta testu hori oinarri hartuta “ikastaroa antolatu eta Hiketalagun taldeak” sortzeko asmoa agertu dute.
Berbalagunen izena ematea edo informazio gehiago nahi dutenek 639 400 786 telefonora deitu edo durangaldea@aek.eus posta elektronikora idatzi dezakete. praktikatu.eus/blog/durangaldea webgunean ere informazio gehiago lortu daiteke.