Itsasne Alzola biolin-jotzaile zornotzar gazteak, bere ibilbide laburrean lortutako maisutasuna erakutsiko du zapatuan, Boroako San Pedro baselizan eskainiko duen kontzertuan. Eleizetan zikloaren barne Alzola Trioarekin eskainiko duen agerraldian, Pierre eta Benoît Deppe anaia frantziarrak izango ditu taldekide, txeloarekin eta pianoarekin, hurrenez hurren.
-Nondik datorkizu musika zaletasuna? Eta zergatik aukeratu zenuen biolina?
-Elisene ahizpak biolina jotzen zuen ni jaio aurretik, eta lehen urteetatik ilusio handiz joaten nintzen bere klase guztietara. Maria Madru irakasleak, Bilboko orkestra sinfonikoko kontzertinoak, nire jarreraz jabeturik, 1/18 biolina erosi zidan (oso biolin txikia), jotzeko eta ea gustatzen zitzaidan ikusteko. Biolina jo nuen lehen unetik, ez nuen askatu nahi izan, eta momentu hartatik hasi nintzen, ni ere, astero klaseak jasotzen. Hiru urte nituenetik daramat biolina jotzen.
-Musikeneko ikasketak amaitu ondoren, biolin masterra egin zenuen Bernan, Euskal Herriko Gazte Orkestran egon zinen eta orain Bern Symphony Orchestrako ‘akademista’ zara. Zer esan nahi du ‘akademista’ eta non jartzen duzu zure helmuga?
-Orkestra batean akademista izateak orkestra profesional batean ordaindutako praktikak egitea esan nahi du baina aldez aurretik izangai izateko probak gainditu behar dituzu. Hautatzen zaituzten unetik, esperientzia profesionala hartzen ari zara, eta hainbat tutore-lana duzu orkestrako musikari batekin. Tutore honek orkestrako beste proba batzuk prestatzen laguntzen zaitu eta orkestran jo behar dugun errepertorioa prestatzeko aukera ere eskaintzen dit.
Nire helburua orkestra profesional baten titularra izatea litzateke, oso zaila baita orkestra profesional batean sartzea. Ez diet beste orkestra batzuei ateak ixten, baina nire ibilbidea Euskadiko orkestra batean jotzen amaitzea nahiko nuke.
-Bernan zaude, baina Vienarekin maitemindu omen zara. Zergatik erakartzen zaitu Austriako hiriburuak
-Vienako orkestra gaztearekin jotzeko aukera izan dut uda honetan, eta horrek musikaren hiria bisitatzeko aukera eman dit. Viena oso hiri interesgarria da, baina batez ere musikari batentzat, musika kulturarekiko zaletasun handia dagoelako, hiri horretan historiako musikari eta konpositore ezagun asko bizi izan zirelako. Aitortu behar dut aukera oso aberasgarria izan dela niretzat.
-Eleizetan zikloan jotzeko taldeari Alzola Trio izena jarri diozue. Harro egongo zara izenarekin, ezta?
-Bai, harro nago taldeari nire abizena jarri ahal izateaz, baina harroago nago nire jaioterriko musika ekitaldi batean jotzeaz eta Pierre eta Benoit bezalako musikari harrigarriekin Suitzan egiten ari garen lana partekatu ahal izateaz.
-Zeren arabera aukeratu duzue agerraldi horretako programa?
-Pierrek eta biok urtebete baino gehiago daramagu Suitzan jotzen. Denbora horretan, musika-gustu bat garatu dugu eta gure interpretaziorako trebetasunak elkar ezagutu ditugu.
Nahiz eta errepertorio zaila izan, gure trebetasunak nabarmentzen dituela sentitzen dugu, eta publikoarekin oso gauza berezi eta politak partekatu ditzakegula uste dugu. Askenez, gustatuko litzaiguke publikoarentzat entzunaldia erakargarria izatea guri interpretatzea gustatzen zaigun bezainbeste.