Berrizko Okango auzoak Mikel Deunaren jaiak ospatuko ditu bihartik domekara bitartean, eta prestatutako egitarauan, besteak beste, musika kontzertua, bertsolariak, txirrindulari lasterketa eta mendi ibilaldia izango dira.
Prestatutako egitaraua bihar abiatuko da, 19:00etan jarriko duten Donien Atxarekin. Eguenean, meza emango da 19:00etan, eta ondoren, odolosteak dastatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Eguneko ekitaldiak, hiru lehenengoentzat sariak banatuko dituen bolo txapelketarekin osatuko dira.
Ospakizunak zapatu arratsaldean jarraituko dute, 17:00etan egongo diren umeendako jolasekin eta ordu bete geroago hasiko den txirrindulari lasterketekin, 13 urtetik beherako gazteentzat eta adin horretatik gorako nagusientzat. 20:00etan, kontzertua eskainiko du Habia Taldeak.
Domekarako prestatutako ekitaldiak, goizean egingo den XXVI. ‘Berrizko baselizak’ oinezko ibilaldiarekin abiatuko da. Antolatzaileek bi ibilbide prestatu dituzte; 7:30an abiatuko denak 24 kilometroko luzera izango du, eta 9:00etan irtengo dena 14 kilometrokoa.
13:00etan dantza saioa eskainiko du Iremiñe taldeak eta jarraian, Berrizko Bertso Eskolako Kelmene Abaitua, Jasone Carballo, Araitz Katarain eta Irune Basagoiti bertsolariek eskainiko duten ekitaldiak, ospakizunak agurtuko ditu.