
San Agustin kultur gunean bihar, 18:00etan, estreinatuko den ‘Batetik bestera’ ikuskizunaren azken egokitzapenak egin eta gero, Juanjo Otero antzezleak Benetan Be antzerki taldeak aurkeztuko duen ekoizpenaren nondik-norakoak azaldu dizkigu.
Entsegu horretan 100 ikasle inguru egon ziren, “lehen emanaldiaren aurretik ikuskizuna publikoarekin probatu behar delako; izan ere ikusleek dute antzeztuko den obraren azken hitza”, aktore iurretarraren arabera.
Hiru urtetik aurrerako ikusle gaztetxoei zuzendutako ‘Batetik bestera’ antzezlanak, gaur egun pil-pilean dagoen gaia izango du hizpide. Izan ere, “hegaztien migrazioan oinarritzen gara gizakien migrazioekin parekotasuna egiteko. Hala ere, migrazioena aitzakia da bizi-mugimenduekin hitz egiteko. Ez dugu zuzenean hitz egiten giza migrazioei buruz, baina hegaztien adierazpenek gizarteak migrazioei buruz dituen jarrerak erakusten dituzte”.
Hiru urtetik gorako gaztetxoentzat
Hiru urtetik gorako gaztetxoei zuzendutako ‘Batetik bestera’ antzezlanak puri-purian dagoen gai bat jorratuko du. Izan ere, “hegaztien migrazioan oinarritzen gara giza migrazioekin parekotasuna egiteko. Hala ere, migrazioena bizi-mugimenduei buruz hitz egiteko aitzakia da. Ez dugu zuzenean giza migrazioei buruz hitz egiten, baina hegaztien esku-hartzeek gizartean migrazioei buruz dauden jarrerak erakusten dituzte”
Emanaldia hezegune baten kokatzen da, non udaberriko migrazioa heltzen den. Iparrerantz doazen lehenengo bidaiariak heltzen hasi dira indarberritzeko premiaz. “Gehienek halabeharrez ekin diote bidaiari bueltatzeko aukerarik izango duten ere jakin gabe. Zer oztopo aurkituko dituzte bidean? Zer helduleku?… “. Horiek izango dira antzezpenean erantzuten ahaleginduko diren galderetako batzuk.
Lan fisikoa
Umoreaz, antzezleen eta zuzendariaren lanarekin “eta pertsonaiak sortzeko egindako lan fisikoarekin baliatzen gara ‘Batetik bestera’ lana egiteko. Gainera, ekoizpenean oso garrantzitsua da Asier Ituartek sortutako musika originala”, Oteroren esanetan.
Antzezlana agertokian jartzeko prestaketak azken hilabeteetan egin badituzte ere, “urte eta erdi edo bi urte dira gure buruetan bueltaka dabilela. Hasieran bi ideia genituen mahai gainean; alde batetik, aldez aurretik, Ikusle gazte eta ez horren gazteentzat estreinatutako ‘Porno vs. Afrodita’, baina San Agustinen estreinatuko dugun lan berriaren ernamuina Bird Center bisitatu genuenean hasi zen”.
Benetan Be taldeak ekoitzitako azken bi lanek antzekotasun handia dute sormen prozesuari dagokionez. “Lantalde moduan egiten ditugu ikuskizunak, eszenatokian aktore berberak garelako. Bi kasuetan, sortze prozesua Patricia Urrutiaren testuetatik abiatzen da, eta antzezleen ekarpenen eta Elena Olivieri zuzendariaren parte-hartzearen ondoren, egoitza labur eta biziak egiten ditugu obra biribiltzeko”, Oteroren esanetan.