Sorginola gaztetxea zegoen eraikina bota egin dutela eta, bertako asanbladako kideek gutun bat zabaldu dute abisua jaso zutenetik gaur arte gertatutakoak errepasatzeko eta durangarrekin partekatzeko.
Gaztetxearen erabiltzaileek, “2022 urtearen hasieran” jaso zuten abisuaren arabera “Eusko Jaurlaritzak fundizio zaharraren lurrak erosiko zituen, bertan zegoen eraikina bota eta gero lurrak enpresa pribatu bati saltzeko”.
Abisua jaso arren, “Eusko Jaurlaritza ez eta gobernatzen duen EAJko ordezkari bakar bat ere ez zen gazteokin harremanetan jarri, eta ez zuten gaztetxeari alternatiba bat bilatzeko asmorik agertu”, salatu dute gazteek.
Erabakia eta egoera kontuan hartuta, “Durangoko Udalarekin harremanak hasi genituen”, argi baitzuten “gaztetxeari alternatiba bat” eman behar zitzaiola. “Horretan geundela hasi ziren obrak eta eraikina utzi behar izan genuen. Behin behineko leku gisa, eta gaztetxeari alternatiba bilatu artean, Durangoko Udalak Garai jauregiko solairu bat utzi zigun, eta bertan jarraitu dugu elkartzen”.
Gainera, Udalarekin “bilerak luzeak eta jarraituak” egin dituzten arren, “gaur gaurkoz ez dugu aterabiderik aurkitzea lortu, eta esan dezakegu elkarrizketak gelditurik ditugula”.
Sorginolako asanbladako kideek, ahala ere, “lanean jarraitzen dugu Durangoko gazteok berandu baino lehen merezi dugun gaztetxea izan dezagun”. Helburu horrekin, herritarrak animatzen dituzten “neguan liburutegi zaharrean antolatuko ditugun ekimenetan parte hartu, eta gaztetxe berria lortzeko prozesu honetan bidelagun izatera”.