Kristina Mardaras, Justo Alberdi eta Markel Onaindiaren artean egindako ‘Goiuria ikastola auzolan baten kronika’ liburuak irabazi du Iurretako Udalak sortutako Sormen beka.
Saritutako lanak “Goiuria Ikastolaren historia kontatzen du”. Izan ere, ikastetxea sortzea euskarak batzen zuen herritar talde baten talde-lanak ahalbidetu zuen eta gaur egun Iurretako kultur ondare eta elkarte topagune izaten jarraitzen du.
Aurtengo proiektua Literatura eta Ilustrazio Lanak sailari dagokio eta liburuaz gain, Durangoko Azokan estreinatuko den dokumentala ere egin dute egileek. Ikus-entzunekoa, Iurretako Ibarretxe Kultur Etxean ere proiektatuko da abenduaren 20an eta 22an, 18:30ean.
Emanaldietarako sarrera doakoa izango da, baina aldez aurretik izena eman behar da kultur etxean bertan, kultur-etxea@iurreta.eus helbidera idatzita edo 946200888 telefonora deituta.
‘Goiuria ikastola auzolan baten kronika’ lanaren egileek deialdian jarritako 6.000 euroko dirulaguntza jaso dute. Iurretako Udalaren ekimenak kultur sorkuntza bere modalitate guztietan sustatu eta herriko ondare historiko eta kulturalarekin lotura duten eta garrantzi berezia duten proiektuak saritzen baititu.