Ezkurdi Jai Alai elkarteak, Durango Jai Alai zesta-punta eskolaren laguntzarekin, maiatzaren 29tik ekainaren 10era jokatuko den Euskal Jaiak Zesta Punta txapelketaren XIX. edizioa antolatu du.
Amateur mailako txapelketa honetan, Euskal Herriko zesta punta elkarte desberdinetako 12 pilotari onenetarikoak parte hartuko dute 6 bikotetan banatuta. “Parte hartzen duten puntisten kalitatea eta ekitaldiaren inguruko prestakuntza zaindua direla eta, giro handia” espero dute antolatzaileek.
Edizio honetan lehiatuko diren bikoteak Berriatua, Zumaia, Miarritze, Hondarribia, Donibane Garazi-Maule eta Mutrikuko klubetako partaideak dira.
Maiatzaren 20an hasiko den txapelketa, ligaxka formatuan jokatuko da. Sei bikoteak bi taldetan banatuko dira, eta lehiaketa hasiko den egunaz gain, maiatzaren 27an eta ekainaren 3an jokatuko dira partiduak, arratsaldeko 18:00etan hasita. Ekainaren 10ean, 18:00etan, jokatuko den finalean ligaxkako bi irabazleak izango dira aurrez aurre.
Ligaxkako jardunaldiak zein finala larunbatean jokatuko direnez, jaialdiak musikaz girotua egongo dira. Horretaz gain, txapelketara hurbiltzen diren ikusleen artean sari berezi bat emango duen zozketa egingo da.