Abenduaren 3an ospatzen den Euskararen Egunaren harira, hainbat ekitaldi prestatu dituzte Berrizen abendurako, tarteko Gorakada antzerki taldearen agerraldia edo Haize Arrosa taldearen kontzertua.
Udalak prestatutako egitaraua gaur hasiko da, hilak 1, 17:00etan Gorakada taldeak Berrizko Kultur Etxean taularatuko duen ‘Kelonia eta Itsasoa’ ikuskizunarekin. Familia osoarentzat ekoiztutako antzezlanak adiskidetasuna eta biziraupena ditu hizpide, hondartzara heltzen den dortoka txiki bat oinarri hartuta.
Bihar eskulanak eta ginkana egongo dira haur eta gazteentzat probalekuan, 17:00etatik 18:45ak arte. 19:00etan hainbat musika motako erritmoak lantzen dituen Haize Arrosa talde berriztarrak kontzertua emango du Kultur Etxean, errepertorioan elektro-pop-triki doinuak uztartzen dituen ‘Tortolaraino’ abestia tartekatuko dutela.
Domekan ospatuko den Euskararen Egunerako ‘Tabuen kutxatik oholtzara’ bertso saio solidario musikatua izango da 18:00etan hasita Kultur Etxea. Inurri elkarteak minbiziaren aurka prestatutako saioan, Miren Amuriza, Alaia Martin, Oihana Bartra eta Iruri Altzerreka bertsolariek Amaia Agirrek proposatutako gaiak aletuko dituzte.
‘Kriseilu festa’
Prestatutako egitarauak abenduaren 14an jarraituko du Kultur Etxean egingo den ‘Kriseilu festa’rekin. 18:00etan hasita egingo den ekitaldian, euskararen sua mantentzeko etxeez etxe ibilitako kriseilua izango da protagonista.
Hurrengo egunean, 20:00etan, Jon Plazaolak ‘Tu-tum, Platz!’ bakarrizketa umoretsua eskainiko du Kultur Etxean.
Agerraldiez gain, abenduan zehar ‘Gaitu erronka’n parte hartzeko gonbitea egin dute “teknologiei euskaraz irakasteko” helburuarekin. Ekimenarekin, milaka ahotsen parte hartzea sustatu nahi da “teknologiek euskara ulertu eta hitz egin dezaten”. Parte hartu nahi dutenek www.gaitu.eus web gunean sartu behar dira.