Banner en desktop Banner en moviles
Contra el Cancer Bizkaia
Dendak Bai
Iurretako Udala
Amorebieta-Etxanoko Udala

“Durango euskaldun baten alde egindako lana aitortu nahi diegu”

Ainke, La Txama, Gozzue eta Tatxers.

Pantxikeren dantza alaiak piztuko du jaia gaur Landako Gunean. Udaletxetik aterako da trikitilariekin batera kalejiran, eta txosnagunera ailegatu orduko, lekukoa eskainiko dio Durangoko euskalgintzari. Izan ere, Ibaizabal Ikastola, Berbaro, Euskal Herrian Euskaraz eta AEKren Abarrak euskaltegia izango dira txupinazoa jaurtiko dutenak iluntzean Sanfausto jaiei hasiera emateko.

Txapliguak eztanda egin eta egitarau musikal eta kultural oparoa abian jarriko da durangarren gozamenerako. Estilo anitzeko musika taldeak, jarduerak heldu zein umeen­tzat, lehiaketa herrikoiak eta beste hainbat ekintza prestatu ditu txosna batzordeak. Xehetasun guztiak Gorka Pagonabarraga batzordeko kideak eman dizkigu.

-Dagoeneko dena prest izango duzue Sanfaustoei hasiera emateko. Gogotsu?
-Jakina, ekiteko prest eta behin hasita, denak martxa hartuko duelakoan eta dena ondo irtengo delakoan.

-Durangoko euskalgintzak protagonismo handia izango du aurten.
-Ibaizabal ikastolak 25 urte bete ditu, Berbarok 35 eta Euskal Herrian Euskarazek 45. Horiei gehituko zaie AEKren Abarrak euskaltegia, hainbeste urtez egindako lanarengatik. Guztiei Durango euskaldun baten alde egindako lana aitortu eta goraipatu nahi diegu, eta haiek izango dira, Pantxike trikitilarien kalejirarekin batera heldu ostean, txupinazoa jaurtiko dutenak. Ekitaldian euskalgintzak aurrera begirako erronkak plazaratzeko aukera izango du. Gainera, eskertu nahi diegu txosna batzordean jai alternatibo eta euskaldunen alde urte luzez egindako lana.

-Egitarau oparoa prestatu duzue, noiztik hasi zineten dena antolatzen?
-Urte osoko lana da, nahiz eta antolaketaren zati handiena udaberri amaieratik jaiak arte egiten dugun. Lan handia eskatzen du txosnen eskaintza guztia aurrera ateratzeak, baina eragile askok parte hartzen dugu, eta denon artean banatzen dugu zeregina.

-Edukien aukeraketa egitea ere ez da samurra izango.
-Saiatzen gara oreka bat topatzen hainbat zentzutan. Adibidez, musikari dagokionez, Euskal Herrian modan dauden taldeak ekartzen saiatzen gara, batez ere, zapatuetarako, jaiak ahalik eta jendetsuenak izan daitezen. Lehenengo egunerako, ordea, Durangaldeko taldeak aukeratzen ditugu; famatuei zein hasiberriei aukera ematen zaie. Gainerako egunetarako euskarazko taldeak egon daitezen eta egitaraua genero aldetik parekatuta egon dadin bilatzen dugu.

-Aurten ere musikak ez omen du hutsik egingo.
-Urtero legez, hainbat estilotako taldez gozatzeko aukera egongo da. Gaur gauean, adibidez, Durangaldeko Gozzue, Hainke, Katu eta Kuku eta Kene taldeen kontzertuak izango dira. Bihar, Gazte Egunean, La Txama, Tatxers eta Malakias MX3 izango ditugu gurean. Gainera, Gazte Asanbladakoak gaztetxearen aldeko aldarria zabaltzen ari dira, eta herriko hainbat musikarik sortu berri duten Gazte Eguneko abestia ‘Kaletik Gaztetxeetara’ ezagu­tzera emango dute Malakiasen kontzertuan. Horrez gain, asteburua bukatzeko karaokea eta dj maratoia antolatu ditugu.

-San Fausto Egunean durangarren partehartzea osagairik onena izaten da.
-Bai, eta horregatik egun osoko plana prestatu dugu. Hasteko, familientzako ikuskizuna izango dugu, Yogurinha Borovaren eskutik, eta ondoren paella txapelketa. Mila inguru durangar batzen gara mahaiaren bueltan. Bazkaldu ostean, erreka jaitsiera egongo da eta bertso-poteoa. Iluntzean, herriko 20 bat lagunek jarriko dute musika dj maratoian.

-Bigarren asteburua ere beteta dator.
-Tortilla txapelketa jende­tsuaz gain, barikuan beste hiru talde ditugu, musika zaleentzat aproposak izango direnak: Txopet, Pinpilinpussies eta Belako. Azken egunean, Mozorro Egunean, eskain­tza berezi samarra prestatu dugu. Hego Amerikatik Rolando Bruno etorriko zaigu, eta Goxua’n Salsaren abesti ezagunen bertsioekin dan­tzatzen jarraituko dugu.

Nobedadeak

-Mozorro Egunak gainera nobedadeak dakartza.
-Herriko jaietan klasiko bat da, baina aurten ikusgarritasun handiagoa emateko, desfile bat antolatu dugu, eta mozorro lehiaketa ere egingo dugu. Proposatutako gaia EITB izango da, bromarako aukera ematen duelakoan.

-Txosnagunearen kokapenean, aldiz, nobedaderik ez.
-Azken urteotan bezala, Landako Gunean egongo da. Nik uste dut ez dela lekurik onena txosnak jartzeko, Pinondon askoz ere giro politagoa sortu ahal zen. Dena dela, gehien kezkatzen gaituena ez da hori, baizik eta iaz Udalak ordutegia murriztu zigula eta hainbat arazo ipini zigula musikaren bolumenarekin. Hau da, bidea erraztu beharrean, oztopoak ipintzen ibili zaigu, eta sartu gaitu taberna normalen ordutegi berberan. Horregatik, txosnak goizaldeko 4:30ean ixtera behartuta gaude.

-Negoziatzerik ba al dago?
-Duela aste batzuk egin genion eskaera Udalari berba egiteko. Baloratuko zuela esan zigun. Txosna batzordearen ustetan, txosnak herriari egiten dion ekarpena esanguratsua da, eta bertan eskaintzen den gune erosoaren ordutegia murrizketa zentzugabea ikusten dugu. Izan ere, ordutegi horretatik aurrera dagoen eskaintza oso murriztua da, eta bertan sor­tzen den giroa gehienetan ez da erosoa izaten.

-Gune erosoa izateaz gain, segurua ere izango dela bermatuko duzue.
-Inolaz ere ez dira jarrera edota eraso arrazista, sexista ez LGTBI+-fobikorik onartuko, eta horien aurrean erantzungo dugu. Horretarako protokolo bat martxan izango dugu. Elkarlanean, ilusioz sortutako jaiak ondo joan daitezen guztioi errespetuz jokatzeko eskatzen dizuegu.

Gaur

  • 20:30 Kalejira trikitilariekin Alde Zaharretik txosnagunera
  • 21:00 Txupinazoa txosnagunean herriko euskalgin­tzaren eskutik
  • 21:30 Kontzertuak: Gozzue, Ainke, Katu, DJ Kuku eta DJ Kene

Bihar (Gazte Eguna)

  • 12:00 Kamiseten banaketa
  • 14:30 Gazte bazkaria
  • 17:00 Kuadrillen arteko olinpiadak
  • 17:30 Poteo transmaribibolloa Kuir Eztandaren eskutik. Pinondotik txosnagunera
  • 18:30 Mauxitxa txaranga txosnagunetik hasita
  • 22:00 Kontzertuak: La Txama, Tatxers, Malakias MX3

Domekan

  • 12:00 Ume eta familien­tzako ikuskizuna: Yogurinha Borova
  • 12:30 Paella txapelketa (Sari banaketa 14:00etan egingo da)
  • 17:00 Mañaria errekaren jaitsiera Tabiratik
  • 19:00 Bertso poteoa Santanatik txosnetara. (Poteoaren ostean, erreka jaitsierako sari banaketa egingo da)
  • 21:30 DJ maratoi herrikoia

Urriak 18, barikua

  • 19:00 Tortilla txapelketa (20:30ean sari banaketa)
  • 22:00 Kontzertuak: Txopet, Pinpilinpussies eta Belako

Urriak 19, zapatua

(Mozorro eta Etxera Eguna)
Mozorroen gaia: EITB

  • 12:00 Kalejira Intxaurretik txosnagunera
  • 14:00 Ekitaldia eta argazkia
  • 14:30 Elkartasun bazkaria
  • 22:00 Kontzertuak: Rolando Bruno eta Goxua’n Salsa
1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados