Olio dastaketa ikastaroaren arrakasta ikusita, eztia dastatzeko saioa antolatu du Elorrioko Udalak oraingoan. Martxoaren 21ean izango da, 17:00etatik 20:00etara, Iturri Kultur Etxean.
Hiru orduko ikastaroan teoria eta praktika uztartuko dira, Iñaki Gonzalo Laraudogoitia biologo eta erlezainaren eskutik. Lehenengo zatian, honako edukiei buruz egingo du berba: erlauntza, erleek sortutako produktu guztiak, erleei buruzko bitxikeriak eta ezti motak.
Gainera, ezti ona eta txarra bereizteko gomendioak emango ditu, eta nola kontserbatu eztia eta propolia ere azalduko du. Zati praktikoan, berriz, lauzpabost eztiren dastaketa egingo da.
Ikastaroa 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago eta euskaraz edota gazteleraz emango da, partaideen arabera. Plaza mugatuak daude eta hogei baino izen-emate gehiago egonez gero, zozketa egingo da, lehentasuna elorriarrek izanik.
Matrikula-epea zabalik dago martxoaren 10era arte, 15 euroren truke, eta eskaera-orria Iturri Kultur Etxean edo e-mailez (iturri@elorrio.eus) entregatu daiteke.