Banner en desktop Banner en moviles
Durangoko Udala
Durangoko Azoka
Euskal Denda
Contra el Cancer Bizkaia

“Artista profesional gutxi batzuk bizi dira artetik Durangaldean”

“Artista profesional gutxi batzuk bizi dira artetik Durangaldean”

Mikel Onandia durangarrak bere bigarren liburua argitaratu du, ‘Arte kritika eta flamingoak zeru berdean’ izenburuarekin. Filosofian eta Artearen Historian lizentziatutako gazteak ‘Arte Durangaldean Gaur’ katalogoa argitaratu zuen orain direla bi urte eta epe horretan eskualdeko egoera ez dela gehiegi aldatu baieztatzeaz gain, 70eko eta 80ko hamarkadetan egiten ziren erakusketa entzutetsuen hutsunea sentitzen du.

-2013an ‘Arte Durangaldean Gaur’ liburua argitaratu zenuen. Zenbat aldatu da artearen egoera eskualdean bi urte hauetan?
-Ezin dut esan; bi urteko epea oso laburra da artearen munduan. Agian hamar urteren buruan egin genezake beste balorazioren bat…

-Artista asko bizi dira arteaz edo artetik Durangaldean?
-Profesionalki, gutxi batzuk. Argazkilarien kasuan gehiago izango dira. Txelu Angoitia, Jesus Mari Arruabarrena edo hil zen Segun Lazkano esaterako oso proposamen interesgarriak egiten dituzte. Artista plastikoen aldetik, profesionalki arteaz bizi direnetako batzuk hilabete honetan Arte eta Historia Museoan bere lana erakusten ari den Isma Iglesias edo bere alde artistikoa eta irakaskuntza tartekatzen dituen Victor Arrizabalaga izan daitezke. Gaztetxoak ere hainbat daude baina bere lanetik bizitzea oso zaila dute.

-Normala da horren erakusketa gutxi egotea eskualdean?
-Ez dakit zer esan. Erakusketa areto asko daude, leku guztietan. Baina zer interesatzen zaio herri bateko kultur etxeko aretoaren arduradunari? Arte garaikidea? Agian ez da jende askoren gogokoa. Gainera kontuan izan behar dira programatzen dutenen gustuak.

-Baina ematen du oso erakusketa gutxi antolatzen direla.
-Egia da askoz ere gauza gehiago egin daitekeela. Zergatik joan behar gara hiriburuetara artista handien obra ikusten eta lan horrek ezin ditugu hemen ikusi? 70eko hamarkadatik 80kora artista honenak etorri ziren Ezkurdiko erakusketa aretora. Chillidak eta gaur egun puntako beste zenbait artista areto horretan erakutsi zuten beraien obra. Izan daiteke instituzioen apustua moteldu egin dela, baina uste dut zerbaiten aldeko apustu argia egin behar dutela.

Euskal Artearen sistema

-Orain ‘Arte kritika eta flamingoak zeru berdean’ liburuaren argitaratu duzu eta sarreran “Euskal Artearen sistema” aipatzen duzu. Zeri buruz ari zara?
-Nik Euskal Herrian egiten diren erakusketen kritikak egiten ditut; bertakoenak zein kanpokoak izanda ere, beraien obra hemen erakusten dutenak. Oso eztabaidagarria bada ere, ‘Euskal Artearen sistema’ aipatzen dudanean sistema osoari buruz ari naiz; Euskal Herriko artistei, bertako merkatuari eta galerietan zer erakusten eta zer saltzen den,… guztia sartzen da sistema horretan.

-Liburu horretan egunkarietan argitaratutako 100 kritikak bildu dituzu. Zein da horren helburua?
-Sei urteko ziklo bati amaiera eman nahi izan diot. Argitaratu ditudan 150 kritiketatik gora 100 aukeratu ditut libururako: forma eman eta antologia bat egitea izan da nire asmoa. Kritikak unean unekoak dira eta horrelako idatziei eskatzen zaiona zera da: erakusketari buruzko informazioa; obraren analisi formala, kontzeptuala edo soziala eta, azkenean, juizioa edo balorazioa egon behar da. Erakusketa bakoitzaren arabera hiru osagai horren arteko oreka bilatu behar da. Kritikak, artelanaren eta artistaren eta publikoaren arteko zubi-lana egin behar du.

-Zein da arte kritika eta zeru berdeko flamingoen arteko lotura?
-Hori jolas bat da. Antologiaren sarrera Haizea Barcenillak idatzi zuen eta liburuan agertzen den nire lehen testua aukeratu dugu izenburutzat. Testu pixka bat desberdina da, kritika ortodoxotik aldentzen delako eta apur bat jostalariagoa delako, eta abiapuntua Durangoko Arte eta Historia Museoan dagoen Mari Puri Herreroren obra bat da.

-Posible da arte kritika egiterakoan obra edo sortzaile bat arrazionalki epaitzea?
-Horretan saiatzen naiz, hain zuzen, zerbait arrazionalki juzgatzea. Baina egia da Arteak esperientzia estetikoa duela, oso subjektiboa dela, eta inoiz gertatzen da zuk duzun esperientzia hori ezin duzula guztiz arrazionalizatu. Ez dago metodologia zientifikoa baina saiatzen naiz diskurtso kontzeptual baten oinarritutako hurbilketa arrazionala egiten.

Crowdfunding

-Liburua crowdfunding bitartez argitaratu duzu.
-Bai. Argitaletxeek badakite ez dutela diru askorik irabaziko horrelako liburuak argitaratzen dutenean, eta beraien asmoa, gutxienez, egindako inbertsioa ziurtatzea da. Paradoxikoa da zabalkunde txikia izatea eta argitaratzeko jendearen laguntza eskatzea. Jende gutxi izango da interesatua eta beraiengana gerturatu behar zara konpromiso baten bila.

-‘Arte Durangaldean Gaur’ liburuan 40 elkarrizketa inguru tartekatzen zenituen.
-Hori Durangoko Udalak sorkuntza artistikorako deitutako beka baten bidez egin nuen. Nire kasuan ez zen propio sorkuntza artistikoa izan baizik eta ikuspegi teoriko batetik Durangaldeko sorkuntzara egindako gerturatzea. Bertako sortzaileekin egindako mapa bat osatu nuen. Katalogo bat zen eta lau ataletan banatu nuen: argazkilariak, figurazio lantzen zuten margolariak eta abstrakzioa lantzen zutenak eta azkenik lengoaia berriak (zinema, bideoa eta abar) lantzen zutenak.

-Lan horretan eskualdeko sortzaileak bere testuinguruan jartzen zenituen ezta?
-Bai. Lehen kapituluan XX. mendearen hasieran margotzen hasi zirenen aipamena egiten nuen, eta Leopoldo Zugazaren eraginez Ezkurdin abangoardiako erakusketak egiten hasi zen garaitik gaur egunera arte. Artearen historialaria naizen aldetik azterketa bat egiten nuen.

-Egindako diagnostiko hori, baliogarria izan zitzaizun artea Durangaldean zein egoeratan zegoen jakiteko?
-Bai. Baina egoera oso anitza da eta zehaztea ez da erraza. Batzuk lagunak dira euren artean eta elkarrekin lan egiten dute, baina ez dago sortzaileen kolektibo edo kontzientziarik. Durango eta Durangaldea nahiz eta txikiak izan gaur egungo mundu globalizatuaren isla dira eta aniztasun handia dago. Artistak, nahiz eta erdi ezkutuan ibili kasu batzuetan, gauza oso interesgarriak egiten ari ziren. Katalogoa aurkezteko bertan agertzen ziren zenbait artisten obrarekin antolatutako erakusketa egin genuen Arte eta Historia Museoan. Eta oso interesgarria izan zela iruditzen zait.

1 Estrella2 Estrellas3 Estrellas4 Estrellas5 Estrellas (Sin valoración)
Cargando...

durangon.com webguneak ez du uzten gorrotoa, mespretxua edo diskriminazioa sustatzen duten edukiak argitaratzen, jaiotza, arraza, sexu, erlijio, nazionalitate, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.

Izen propioei erreferentzia egiten dieten eta ohorerako eta intimitaterako eskubidearen aurkako iruzkinak ezabatuko dira. Irain eta iruzkin guztiak ere zuzenean ezabatuko ditugu, baldin eta iraingarriak, kalumniatzaileak edo indarreko legeria hausten badute.

Gehiago irakurri


durangon.com no permite la publicación de contenidos que de forma manifiesta fomenten el odio, el desprecio o la discriminación por motivos de nacimiento, raza, sexo, religión, nacionalidad, opinión o cualquier otra circunstancia personal o social.

Se eliminarán todos los comentarios que hagan referencia a nombres propios y atenten contra el derecho al honor y a la intimidad. También borraremos directamente todos los insultos y los comentarios que puedan resultar injuriosos, calumniadores o que infrinjan la legislación vigente.

Leer más

Deja una Respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *

*

Artículos Relacionados