Errumaniako hamar urteko neskato bat ama izan da. Elena deitzen da eta egunotan Belen Esteban baino ospetsuagoa bihurtu da. Adin txikikoa denez, bere aurpegia ez da azaldu telebistako kameren aurrean baina nork ez du ezagutzen? Duela hilabete batzuk haurdun geratu zen, eta umea jaiotzeko egun batzuk falta zirenean, Espainiara joatea erabaki zuen hamar urterekin. Bai, ondo entzun duzue, ez hogei eta ez hogeita hamar, hamar urte besterik ez ditu. Eskoletan hamar urteko neskatoak ikusten ditudanean eta adin horrekin ama izan daitezkeela pentsatzen dudanean, gaixotu egiten naiz. Ene… hamar urterekin ama! Neskatoak hamar urte besterik ez eta mutil lagunak, berriz, umea jaioberriaren aitak, hamabi edo hamahiru omen ditu. Ez dakit, ilerik izango duen bere bibotean.
Hedabideek, gizarte sozialek eta orohar, gizarteak eman dioten garrantziaz ez dute ulertzen hamar urteko neskatoaren senitartekoek. Telebistako kameraren aurrean azaldu direnean, dena ondo dagoela azpimarratu dute. Alaba eta iloba osasuntsu daudelako pozik azaldu dira eta beraientzat ez da inongo dramarik. Ez da gertakizun bitxia izan, egia esan, Errumanian zein Hego-Ameriketako herrialdeetan hamabi urtetik aurrera ezkontzea eta umeak edukitzea gauza arrunta da. Ez dute ulertzen nola den posiblea hogeita hamabost urte beteta edukitzea eta oraindik ama ez izatea edo ume bat bakarrik izatea. Adin horrekin amonak dira.
Bolivian hamazazpi urteko neskatoak ezkondu egiten dira eta berehala, haurdun geratzen dira. Umeak ekarri eta ekarri. Ez dira antisorgailurik egongo horretarako? Ez die inork horretaz informatuko? Agian, bai edo ez. Kontua da, umeak hasi eta lana ere egiten dutela. Hainbeste ume mantentzeko egin behar. Gero, jakina, berrogei urterekin eta errespetuz osoz, amonaren itxura hartzen dute. Nola ez, ba..!
Kultura desberdinak dira eta errespetatu beharra dago baina Pekinen, Bolivian, Guatemalan zein Errumanian hamar urteko neskato bat ume bat besterik ez da. Bizitzaz ezer gutxi dakiena, panpinekin jolasten dabilena, inozentea dena baina egun batetik bestera, ama bihurtu dena, bapatean. Aurrerantzean, neskato honen etorkizuna zein izango da? Eskola, ikasketak, lagunak? Ala ez da inporta. Bizitzaz ezer jakin barik eta era honetan, ama bihurtu dena, ai ama. Orain, aitatxo eta amatxoetara jolasteko gezurrezko panpina besoetan izan beharrean, benetako umea izango dute, argibiderik gabe datorrena. Bizitzak berak erakutsiko die. Hau da panorama!