Uda usaina duten hitzak gogoratzen, honekin
egin dut topo ordenagailuko karpeta baten.
Uztaila bukaeran idatzi nuen, oporretan joan
aurretik: “Ezlekuetan barrena galtzera noa.
???Kilometro zenbakiak ikusiko ditut??? eta ez naiz inon
egongo,??? hemen baino.”
Ezlekuak niretzat toki edo momento edo
eztakitzer lasaiak dira. Zuriak. Kontaminatu
gabeak. Mundukoak eta inongoak ere ez.
Halakoek arnasa ematen didate, eta oporrak,
askotan, ezleku izaten dira.
Eta pentsatu dut, zergatik izan behar duen
uda usaina. Nire buruari aldarrikatuko diot,
hurrengo udara arte, ezlekuak topatzeko
ahalegina egingo dudala (nahiz eta ez dakidan
ezlekuak topatu edo ezlekuek zu topatzen
zaituzten).
Igandetako garagardoak, elkarrizketa
absurdoak, musika talde berrien deskubrimentua,
gabonetako argiak piztu gabe ikustea oraindik
gabonetarako bost hilabete falta direla iruditzen
zaizunean, testu polit bat topatzea, zeru gorriak
Smurfiten atzean, andra-gizonak pasodoblea
dantzatzen Ezkurdi atzeko kioskoan. Halakoak.
Topatu eta identifikatu. Disfrutatzeko. Hondartzak
topatzeko egun hotzetan.
(Kurtso hasierako auto-laguntza testua
dirudi. “Gainditu iraileko malda!”.
Igual hori da edo ez. Ez dakit, berdin da.)
Nik ahalegina egingo dut. Eta Word
dokumentu hau itxi eta uda usaina duten horien
karpetan gordeko dut. Abenduan ere jendea
itsasoan bainatzen da.