LAB sindikatuak hainbat ekimen burutu ditu maiatzaren 28an egindako manifestazio nazionalaren harira, langileen prekarietatea salatzeko orokorrean eta eskualdean Aldi Baterako Lanerako Enpresen (ETT) desagerpena aldarrikatzeko.
ERNAI gazte mugimenduarekin batera pasa den barikuan egindako mobilizazioa Durangoko Udaletxe aurrean hasi zen, bertan Aldi Bateraki Lanerako Enpresen (ETT) kontrako idatzi bat erregistratu ondoren. Testu hori Durangaldeko Udaletxe guztietan erregistratuko dute datozen egunetan eta bertan gogoratzen dute 1994an legeztatutako enpresa horiek “lanik egin gabe, dirutzak kobratzeko helburua” dutela.
Udaletxeetan erregistratuko duten adierazpenean, “Herriko industria-enpresa, zerbitzu-enpresa eta, nola ez, zerbitzu publikoetan, ETT-en desagerpenean bide-lagun izatera” gonbidatuko dituzte eskualdeko Udalak. Adierazpen horretan enpresa hauen garrantzia gogoratuko dute “bai ekarri duten prekarietateagatik, baita merkatuan lortu duten zentralitateagatik”, gaur egun egiten diren lau kontratutik bat beraiek kudeatzen dituztelako, 250.000 inguru urtean eta, bataz beste, 3.500 milioi euro.
Enpresa horren bitartekotzak eragiten duen prekarietatearen ondorioz, “egonkortasun falta, soldata txikiagoak, laneko segurtasun eza, hitzarmenen aplikazio eza, euskararen presentziarik ez, malgutasun ikaragarria, oporrak disfrutatzeko arazoak, ordu extrak sartzera behartuta, emakumeen bazterketan sakondu”, aipatzen dira LAB sindikatutik.
Udaletan aurkeztuko duten adierazpenaz gain, LABek manifestu bat aurkeztuko du ordezkaritza duen eskualdeko enpresa batzorde guztietan. Bertan, “enpresetatik ETT-ak desagertzeko urratsak planteatuko dira” eta “dagoeneko ETT-rik ez dagoen enpresetan, hori horrela izateko konpromisoan berresteko eskatuko da”.
Eskualdeko LABeko eta ERNAIko kideek, euren kexak azaldu zituzten pasa den barikuan Durangon dauden ETT enpresen aurrean. Ramstad-en aurrean, ekimena egin zuten “gazteei ETTak sortzen diren egoera prekarioa salatuz”, jarraian “langileen artean sortzen duten diskriminazioa azaldu” zuten Manpower-en eta ondoren “egoera honetan egon ohi diren lan istripuak eta prebentzio falta” salatu zuten Adecco-ren bulegoaren aurrean.
Bukatzeko, Durangaldeko Enpresarien Elkartearen aurrean, ETTak lan merkatutik desagertu behar direla aldarrikatu zuten.
Estos no tienen nada mejor que hacer que perder el tiempo con causas perdidas.