Durangaldeko eta Zornotzako ELA, LAB, CCOO, UGT, ESK, CGT, STEE-EILAS, EHNE eta HIRU sindikatuetako ordezkariek eta eskualdeko 57 enpresetako langile batzordeek bat egin dute Gure Esku Dago ekimenak maiatzaren 7rako deitutako herri-galdeketekin. Abadiñon, Durangon, Elorrion, Zaldibarren eta Zornotzan egingo diren galdeketetan, herritarrek Euskal Herriaren etorkizunari buruzko iritzia emateko aukera izango dute.
Eskualdeko bost herritan egingo diren herri-galdeketei babesa emateko helburuarekin, sindikatu eta enpresa batzordeetako hainbat delegatu gerturatu da Ezkurdi plazan eguerdian egindako elkarretaratzera.
Herri-galdeketei babesa eman dieten enpresa batzordeen artean, bozketak egingo diren udalerrietako Udaletakoak daude eta, hauekin batera, Iurreta, Berriz eta Atxondoko Udaletakoak ere. Aho batez edo gehiengoz babesa eman duten langile batzordeen artean, besteak beste, Gestamp Bizkaia, Tenneco, Cemosa, Rothemberger, Lince, Amig, Arania, Teknia, Fuchosa edo Simply enpresetakoak daude.
Aldez aurreko botoa
Bestalde, herri-galdeketa egingo den herrietan aldez aurreko botoa emateko aukera izango dute herritarrek.
Durangon eta Elorrion apirilaren 24tik maiatzaren 5era arte eman ahalko da aurretiko botoa; Durangon, Artekale kalean Gure Esku Dagok duen lokalean, aste bitartean 18:00etatik 20:30era eta larunbatetan 11:00etatik 14:00etara. Elorrion berriz, Berrio-Otxoa kalean dagoen lokalean, goizeko 11:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Abadiñon ere aldez aurreko botoa emateko aukera egongo da, kasu honetan, maiatzaren 2an, 3an, 4an eta 5ean, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara. Aurretiko botoa emateko tokia Gure Esku Dagok Traña-Matienako Trañaetxoste kalean duen lokala izango da.