Andra Mariko elizpean izango den XXXV. Euskal Dantzen Jaialdia nabarmenduko da Durangoko Euskal Jaien bigarren asteburuan. Tronperri dantza taldeak antolatutako ekimenean Euskal Herriko sei probintzietako folklorearen atal adierazgarriak jarriko dira agerian.
Zapatuko saioa arratsaldeko 19:30ean hasiko da, Tronperri eta Muskildi dantza taldeen partaidetzarekin. Durangarrek eskualdeko Dantzari-dantza zein Bizkaiko dantzak tartekatuko dituzte eta Muskildikoek Zuberoako folklorean oinarritutako erakustaldia eskainiko dute.
XXXV. Euskal Dantzen Jaialdiaren bigarren saioa domekan izango da eguerdiko 12:30ean hasita eta agerraldian lau talde izango dira. Donostiako Goizaldi dantza taldeak Gipuzkoa dantzetan oinarritutako errepertorioa gerturatuko du eta Agoitz dantza taldeak berriz, Nafarroako dantzak eskainiko ditu. Ekitaldia Gasteizko Jare taldeko dantzariek landuko duten Arabako errepertorioarekin eta Hendaiako Akelarre taldeak gerturatuko dituen Lapurdiko dantzekin osatuko da.
Dantza ekitaldiaz gain kirola eta musika tartekatuko dira gaurko egitarauan. Arratsaldeko 18:00etan XVI. zesta punta txapelketaren finalaurrekoak jokatuko dira Ezkurdi Jai-Alai pilotalekuan. Santa Ana elizan berriz, Bermeoko Abesbatza, Mañariko Kirikiño abesbatza eta Durangoko Orfeoiak abestuko dute arratsaldeko 20:30ean hasita, Udaberriko kontzertuen egitarauaren baitan.
Domekan Eskolarteko IX. pintura lehiaketaren sari banaketa egingo da 13.00etan Ezkurdiko erakusketa aretoan.